gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Behar gaituzte

2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zuen haurren irakasleak gara, mediku, igeltsero, informatikari... eta egia da, behar gaituzte. Euskal Herriko 5. greba orokorraren biharamunean, hitz horiek gero eta zentzu handiagoa hartu dute. Albisteak buruan pilatu eta nahastu zaizkit, eta bat-batean greba eta krisia sakelako telefonoekin eta horiekin harremana duten aplikazioak etorri zaizkit burura.

Sakelako telefonoen munduan zoritxarrez software librearen diskurtsoa desagerrarazi nahi izan dute.Web munduak eskaintzen zuen irekitasunetik, aplikazioen merkatu txikietara murriztuz. Horien bidez, erabil ditzakegun aplikazioen kontrola izan nahi dute, eta jendeak beste bide batzuk aurkitzen baditu ere, lortu dutela esan daiteke. Hala ere, ez daukate kontrol osoa, ezta hurrik eman ere. Bai, aplikazioen bidezko kontsumoa nagusitu bada ere, urruti dute kontrol osoa. Haien produktuak balio izateko, aplikazio eskaintza zabalena eskaini behar dute, bestela haien gailuek ez lukete balio bera izango. Blackberry telefonoen jabe den RIM enpresak bere plataformarako aplikazioak garatzen dituzten garatzaileei bideo batez mesedez plataformarentzat garatzen jarraitzeko eskatu die, adibidez. Behar gaituzte. Baina telefono marken artean bere prozesua gehien kontrolatzen duena dudarik gabe Apple marka da. Horiek diseinua eta lilura saltzen dute kanpora begira; barrura begira, aldiz, esplotazioa eta miseria. Appleren aplikazio bat garatzeko, ia guztiz beharrezkoa da bere produktuak erabiltzea. Horretaz gain, pasa behar diren kontrolak eta iragazkiak izugarriak dira. Garatzaileak noizbait bere aplikazioa deskargarako jartzea lortzen badu, infernutik argi izpi bat ikusiko balu bezala da. Hor geldituko balitz, gaitzerdi, baina Applek fabrikazioa Txinan egiten du. iPhonea egiten den Foxconn enpresan ezagunak dira beren buruaz beste egiten duten langileak, soldata txarrak, esplotazio eta tratu txarrak.... Azken astean albistegietan horren berri izateko aukera izan dugu. Behar gaituzte. Markek produktu eta zerbitzu baten izana islatu nahi dute. Ezina, horren atzean ezkutatzeko dagoena behartuta daude; ustez izan nahi duten hori ez zapuzteko. Guk hedatuko ditugu marka horiek eta guk erosiko ditugu produktu horiek. Hor ere behar gaituzte! Hainbeste behar gaituztela ikusita ezinbestekoak garela konturatuko bagina? Egun berean, soberan daudenak zein diren konturatuko ginateke!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.