Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Belaunaldi alderaketa

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Txantxa egiten genuen, Andoaingo Kilometroen karietara, ea utziko liguketen sartzen. Adin buelta arriskutsua da, 30ak, gisa horretako ebento soziokultural batera joateko: zaharregiak lurretik arrastaka ibiltzeko, gazteegiak kolesterol altua erre behar izateko. Ez da, zorionez, mundu guztiarentzat berdin; ikusi genituen peterpan batzuk arrats-gau partean, Andoaindik bueltan. Konklusio batera iritsi ginen: haurren kotxetxoekin joan beharko genukeela orain, etorkizunean lurretik arrastaka ibiliko diren militanteak ohitzen joateko. Izan ere, gu beteranoak gara, 90eko Andoaingo Kilometroak gogoratzen ditugu. Eta zenbat kalimotxo litro edango genituen bizitzan euskara laguntzeagatik. Beste garai batzuk ziren, askoz iraultzaileagoak. Kalimotxoa, entzutearekin bakarrik gonbitolarria sartzen zait orain; ginebrarekin nahasturiko tonika baino ez du onartzen nire gibelak.

Garaiak aldatu dira, beraz, ederki aldatu ere. Orain jada ikastolen aldeko jaiak ez dira kalimotxoa litroka edanez laguntzen. Orain telebista saioekin laguntzen dira. Nafarroara oinez izenekoarekin, adibidez: 100 kilometro, 47 ardi, bost lagun, hiru egun; halako saioek ohi dituzten osagaiez onduak: intriga amiñi bat, haserretxoak, sexu arteko tentsioa. Bizitzaren espektakularizazioa deitu izan dio baten batek. Eta hori denori zertarako, galdetuko duzu irakurle maite. Bada, bere izena ozen esaten duen bitxi denda batek 1.500 euro eman ditzan Iruñeko San Fermin ikastolarentzat. Salgai gauden edo ez, bost; prezioa jartzea da kontua.

Saioaren azterketa semiotikoa egingo bagenu, ardien irudia faxista da. Hemen estura batean jartzen dute artzaina, baina ez iraultzaile direlako, masa gidatu behar duenaren abildade faltagatik baizik. Ikuspegi animalista batetik ere, guztiz gaitzesgarria litzateke saioa. Baina inoiz zutabeok irakurri badituzue, jakingo duzue giza-plazererako animaliak erabiltzeak zalantza bat baino gehiago sortzen didala. Eta feminismoaren araberako irakurketa egingo bagenu, tumatxa Maider Undari ama izateko ametsaz galdetu ziotenekoa; seguru Alex Txikoni ere galdera bera egiten diotela elkarrizketero. Baina belaunaldi alderaketa iruditu zait denetan makurrena: artzain beteranoak ondo esan zuen, «juventud divino mokordo». Ez da izango hainbesterako, garaiak aldatu dira soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.