Ane Muñoz.
Maratila

Bertakoa

2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Asko dira nongoa naizen esan eta aurpegi txarra ipintzen dutenak. Penaz ere begiratu izan didate. «Gaixoa, herri horretakoa izan behar». Ba, bai, hondarribiarra naiz, eta ez pentsa horrek puztu egiten nauenik. Eta poztu ere, ez nau pozten gutxienez urtean behin giza eskubideak gupidarik gabe zapaldu edota zapaltzea onartzen duten askoren toki berekoa izateak. Aldiz, gustura nago etorkizuneko hondarribiarrei bidea erraztekotan jasaten duten guztia jasateko gai direnen alboan.

Betiko hondarribiarra naizen galdegiten didanari, zera, betikoa ez, betidanik bertakoa. Izan ere, betiko hitzak gure herrian hartu duen zentzuak oso esanahi ezberdina baitauka. Hemen, tradizioaren izenean emakumearen partaidetza onartzen ez duena da betikoa. Gainontzekoak, arrotzak omen.

Orain, udazkenero bezala, jaietako istiluak ahaztu eta bakea itzuliko da herrira. Lasai biziko gara, jakina, datorren urteko irailean hartarako heziak daudenek giroa berriro itsustuko duten arte.

Ba, nazkatuta nago emakume eta gizonezkoak onartzen dituen talde bakarrari ditxosozko alarde horretan ez zaiolako oraindik merezitako tratua ematen. Non daude herritarron ongizateaz arduratu behar dutenak, betikoek talde horri irainak, bultzadak eta umilazioak egiten dizkietenean? Asko ez dira jabetzen kale nagusian izan ohi den giro itsusi eta lotsagarri horren erdi-erditik pasatu beharrak zer esan nahi duen. Eta zein mingarria den plastiko beltzen paretik pasatu beharra. Esan, bidezkoa al da bertako herritar multzo hori modu horretan hartzea? Legezkoa ote udalak zapalketa baimentzea eta, gainera, «zertaz ari garen» ez dakitelakoa egitea? Guztiok garela bertakoak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.