Euskadiren alde, bakarrak.Deigarria da REk airean jarri duen azken autopromoa. Ezin gehiago adierazi 25 segundotan. Iragarki erasokorra, beste irratiak gutxiesten dituen heinean, zeharkako estiloan bada ere. Mezu argia helarazten digu: besteak ez bezala, RE katerik gabeko irratia da, gizarteko aldaketak jakinarazi nahi dizkio entzuleari, pentsamendu askeko entzulea sortu nahi du, eta Euskadiren alde egiten du lan. Perla guztien artean, hala ere, bat egiten da bereziki deigarria, hala baitio: irrati batzuek etortzekoa den irratigintza dela ziurtatzen dute, baina gero, inoiz ez dira iristen. Printzipio hori aipatuta, argi dago nor duen jomuga: izan ere, azken asteetan Onda Vasca, autopromo baten bidez, datorren irratia dela esan eta esan ari zaigu. Zalantzarik gabe, orain hiru urte arte REn lankide izan zirenen arteko ziri sartze pozoitsua. Pittin bat deigarria ere egin zaigu Pedro Garcia Larragan esatari zuhurrak jarri izana ahotsa halako iragarki handiusteari, eta ez Felix Linaresek ohikoa den bezala.
Baita etxekoei ere!Beste hedabideekiko gutxiespen hori EITBko euskarazko senideetaraino luzatzen da, praktikan. Asteazken goizean, urrutira gabe, Dani Alvarezek entzuleoi zera ziurtatu zigun behin eta berriz: «Gaur gauean hauteskundeetan izango diren bi debateetako bat ikusteko aukera izango duzue; ETB2n izango da, eta Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuta. Bigarrena datorren astean helduko da». Nonbait, EIn zein ETB1en eman beharreko beste bi eztabaidak—bata ostegunean egin zena—ez dira existitzen... Nonbait, euskaraz gertatzen dena ez da existitzen, nahiz eta etxe berean izan… Lagintxoa besterik ez da, argi adierazten diguna, normalki, gaztelerazko irratiak zenbateko garrantzia ematen dion euskaraz eta euskaratik gertatzen denari. 30 urtetan zuzendari mordoska izan du REk —azkena Joseba Arruti, euskal hiztuna—, baina bere horretan dirau euskara begirunez hartzearen erronkak.
Javier Gallego.Radio Vallekas-eko uhinetara itzuli zen irailaren 28an —podcasta eskura dago sarean—, bera eta bere saioa (Carne Cruda) R3etik kaleratua izan ostean. Bi orduko irratsaio berezia, ikuspegi alternatiboa edukita kalitatezko irratigintza egin litekeela berrestera heldu zena. Ez dago argi Radio Vallekas-en edo beste zein irrati asketan hartuko duen habia Gallegok.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Besteak gutxiesten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu