Topiko bat.Kirol kazetariak topikoz topiko ibiltzen zaizkigu uneoro, egia eztabaidaezinak balira bezala. Horietako batek zera dio: «halako kirol taldea itzuli da lehen mailara, bere historiagatik inoiz utzi behar ez zuenera». COPE-Euskadin Jose Angel Peña (Bilbao), Mauri Idiakez (Donostia) eta Roberto Arrilaga (Gasteiz) kazetariek egunero (15:20-16:00) egiten duten kirol saioan entzun dugu hori azkenaldian. Peñak bota zuen, Orio arraun taldea aipatuz. Idiakezek, agudo, errieta egin zion, esanez Oriok iazko denboraldi kaskarrean ostean merezita egin duela aurtengoa bigarren mailan, Realari orain berri gertatutakoa gogora ekarrita. Ez da ohikoa kazetariak kazetaria zuzentzea astelehenean bezala, zuzenean gainera. Kirol kazetaritzaren praktikari buruzko eztabaida txukunak sortzen dira saio horretan, Idiakez zirikatzailea tarteko dela
Bigarren topikoa.Esklusiba batekin zetorkigula iragarri zigun Eduardo Garcia kirol kazetariak astelehen gauean, Ganbara saioan. «Fernando Llorentek bolada bateko isiltasuna hautsi eta gurekin hitz egin du». Kontua da ordu batuk lehenago, eguerdian, Athleticeko jokalariaren adierazpenak jarri zizkigula antenan Jose Angel Peñak COPEn. Egiatan ari diren, ez ote dituzten besteenak irakurri edo entzuten, ala irrati bakarrekotzat hartzen gaituzten.
«'Me ha dicho un amigo'».Javier Muguruzak Itziar Mendizabal dantzari hondarribiarrak euskaraz egindako prentsa adierazpenak ekarri zituen gogora asteroko bere mintzalditxora (Boulevard, ostirala, 09:45), lagun baten esana aitzakiatzat hartuta. Laboaren Txoria txori abestiarekin lotuta daukan pasadizo bat zuen aipagai Mendizabalek. Bada, dantzari horren zein abestiaren hitzak gaztelerara itzuli egin zizkigun Muguruzak. Ostiralean irratsaio hori entzun zuen lagun batek adierazi dit haserre jarri zuela Muguruzaren jarrerak. Alegia, Radio Euskadiko entzule erdaldun horri ezin zaizkiola jarri gauzak horren erraz hizkuntzen arloan. Mendizabal Laboa eta beste makina bat sortzaileen euskarazko esan eta idatzi jakingarriak bere jatorrizko bertsioan aurkeztuz gero, aiseago lor daitekeela erdaldun horrengan euskararekiko gogoa piztea. Ordea, dena xehe-xehe eta itzulita emanez gero, berriz ere segituko duela entzule gazteleradun huts eta eroso izaten.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Bi topiko eta lagun bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu