Azkenik, asteazken gauean eman zuten, TV3 kate katalanean, ¿Monarquía o república? dokumentala. Dokumental polemikoa esan behar nuen, baina ez, dokumentala ez da berez polemikoa, kanpotik dena nahasten ibili diren batzuek sortu dute eztabaida txatxua. Are gehiago, dokumentala ikusi ondoren, esan daiteke benetan ez dela inondik ere polemikoa, ezpada aseptikoa, inokuoa, ignifugoa; ez dio gauza handirik ekartzen egiazko eztabaidari. Besterik gabe eman izan balute, isil antzean igaroko zen, seguru. TV3n a la carta-n daukazue ikusgai, nahi izanez gero. Hizkuntzagatik ez larritu, adierazpen asko gaztelaniaz egoteaz gain, erraz harrapatzekoa da bertako katalana.
Gogora dezagun momentu batez polemika. Kontua da telebista publiko katalanak urtebetez izan duela dokumentala izozkailuan, emango ez emango; antza, espainiar monarkiaz eta, batez ere, monarkaz ematen duen irudiak zalantza batzuk sortzen zituelako zuzendaritza taldean. Dokumentalaren bi bertsio ibili zituzten, biak ere komentzimendu gutxiz, eta orain atera dute bertsio arinena. Hasierako asmoak aldaketak jasan dituela, alegia, ez dakigu norainokoak, zer-nolakoak. Zentsurarik ez da egon, azkenean, baina bai autozentsura. Hori bai, presioak jasan ondorenean erabaki dute programatzea. PPk eskatu zuen dokumentala ez emateko, egun monarkia egoera konprometituan dagoela argudiatuta, eta instituzioari egin diezaiokeen kalteagatik. Egon daitezela lasai PPko lagunak, dokumentalak ez baitu inolaz ere dardaratuko oraingo statu quo-a, ez eta ere monarkiaren irudi publikoa —dena delarik irudi hori—.
Baina zer esaten da, bada, dokumental horretan, zer inor adi jarri eta eman ez dezaten eskatzeko? Ezer gutxi, egia esan. Jartzen dituzte hitz egiten monarkiazaleak eta errepublikazaleak; ematen da ikuspegi historiko bat, hasten dena frankismo garaiko azken urteetan eta iristen dena gaur egunera; monarkiazaleak ez dira geratzen gaizki, ez errepublikazaleak gainetik. Esan dugu: aseptikoa, inokuoa, ignifugoa da. Gauza da monarkiaz ezin dela hitz egin, gero eta gehiago hitz eginda haren irudi ona zikintzen duten gauza gehiago atera daitezkeelako. Eta hitz egiten bada, izan dadila, adibidez, erregearen suhi Iñaki Urdangarin behin ere aipatu gabe. ¿Monarquía o república? dokumentalak asteazken gauean egin bezala, adibidez.
Komunikazioa. Ekografiak
Biba errege!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu