Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Blokeoak

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskararik ez.Astegunero Iñaki Espigak abesti bat jartzen digu 08:25ean, goiz albistegi nagusian. Sarreratxoa egin ohi digu, taldea edo bakarlaria hautatu izanaren arrazoiak azalduz: holako edo halako efemeridea betetzen delako, diskoa kaleratu berri duelako… Beti-beti, ingelesez nahiz gazteleraz egiten den musika jarri ohi da (Bebe eta Mikel Erentxun azken bi egunetan). Goizero albistegi horrekin gosaltzen duen zutabegile honek ez du sekula entzun euskarazko abestirik. Marka da, gero, baina euskarazko erreferentzia bakarra zera izan da orain arte: abeslari ingeles batek letrako esaldi bat euskararen antzera ahoskatu izana. Nonbait, euskal musikariek ez dute merezi tarte hori, ez dutelako historia aipagarririk, edo ez dutelako diskorik kaleratzen…

Blokeo informatiboa. Geografiak adierazten diguna baino urrunago, askoz ere urrunago dago mediatikoki Islandia. Maider Telleria eta Jone Larrañaga esatariek Euskadi Irratiko Faktoria saioan kazetaritza lezio polita eman ziguten ostegunean: blokeo informatiboa hankaz gora jartzeaz gain, zerbitzu publikoaren zentzua itsatsi zioten irrati publiko bati. Finantza sistemari eta bankuak erreskatatzeari uko egin eta banku arduradunak auzipetu ondoren ekonomikoki hazten ari den herriaren errealitatea. Eta horretarako, Josema Espina Islandiako alternatiba erreala jaso duen dokumentalaren egilea, eta, Joseba Tobar-Arbulu ekonomia irakaslea elkarrizketatu zituzten. Benetan gomendagarria ordu erdiko saioa (EIren podcast-a atari digitalean aurkituko duzue).

EITBren endogamia. ETB1en endogamiarako joera zuen aipagai telebistari egunero begiratua ematen dion Aritz Galarragak, zutabe honetantxe. Eta ez zebilen arrazoiaren faltan. EITBko beste kateetara zabal liteke zilborrari maizegi begiratu behar hori. Beste inon baino adibiderik argiagoa EIko Oilategia saioak eskaintzen digu akaso, asteko pertsonai ezkutuaren atalean. Saioko hiru esaleek ere saturazio horren jakitun dira ziurrenik, eta ironia puntu bat erabiliz, pertsonaiari buruzko pistak ematerako orduan, «Goenkale-n ateratzen al da?» galdera erabili ohi dute maiz, beste harako «moxtaka al da?»-rekin batera. Aste honetan Bide Ertzean taldeko Ubeda anaiak hautatu dituzte, eta garbi frogatu ahal izan da EITBtik at ere euskal mundua existitzen dela oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.