Ane Muñoz.
Maratila

Bosteko arriskutsua

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ez dakit inoiz kontatu dudan niretzat sekula baliorik eta zentzurik izan ez duen monarkia horren zirkuarekin halabeharrez topo egin behar izan nuenekoa. Ahaztuta banuen ere, egunotan gogora etorri zait berriro.

Joan den hamarkadan, Eguneroko ogia film laburrak sari handi bat jaso zuen Madrilen, hau da, Insersok zahartzaroari buruzko lan onenari emandakoa. Sari guztiak bezala, gure lana ezagutarazteko baliagarria izango zen, baina batik bat izugarrizko goxoki ederra, diru dexente jaso baikenuen harekin.

Badakigu sari banaketen ordaina dela oholtzara igo eta zerbait interesgarria esan behar izatea, eta, horretarako lotsati samarra naizela badiot ez didazuenez sinetsiko, nahikoa lasai nengoela esan beharko. Bestalde, hura urduritasuna, saria nork emango zidan bezperan kontatu zidatenean: Afrika beltzean elefanteak gupidarik gabe akabatzen zebilela aldaka hautsi zuen izendaezin horren alabak; ustez krixtoren iruzurrarekin harrapatu duten kirolari ohi horren emazteak; auskalo zer dela-eta eskopetarekin jolasean zebilela oinean tiroa jaso zuen mutikoaren izebak… Cristina infantak. Bua!

Egia da ez niola inolako erreberentziarik egin, baina eskua eman bai, eman nion, berak berea luzatu zidanean nirea ematera behartuta aurkitu nintzen eta.

Orduan, besterik gabe, grazia egin zidan; orain, oso ondo ulertzen dut etxean kontatutakoan entzuna: «Zorionak, sariagatik, baina kontuz jasotzerakoan; eskuak ondo garbitu gero!». Orain, arrats hartan arrastorik geratu bazitzaidan ere, garbitu eta garbitu nabil; ondo igurtziz,gainera, ez nazan familia horren kaka puztinak ustekabean zipristindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.