Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Datorren telebista-urtean

2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ados, hemen inork ez du Errege egunik ospatzen. Denok gara berdin antimonarkiko —Piarres II.aren jarraitzaile batzuk salbu—; denok Olentzero bizar zuri, aurpegi aratz bati —eta Mari Domingiri, ez dakidan ahantz— eskatzen dizkiogu eskatu beharrekoak. Baina gero egiaren orduan, nanai. Denik eta jairik laikoenari adarrak jartzeko kapaz gara, baldin eta jai hori espainol bada, gero jai erlijiosoekin gauza bera ezin egiteko. Edo batzuk, edo besteak, baina nik nire oporrak nahi ditut. Hain ergela ere ez naiz. Bestela, nola azaldu joan den aste hau tontoetan tontoena izatea? Telebista da apatia horren adibiderik behinena: urtea ez da hasten hilaren 9ra arte.

ETB1ek, adibidez, filmak eman dizkigu egunero, bazkalostean. Tira, ondo pentsatuta, hori ez dakit den jai egin duten seinale. Itxura guztia izan arren, ezin zehatz jakin. Ez dakigu zer sartuko diguten 16:00etatik aurrera. Dakiguna da Arratsaldero saioa kendu egin dutela, eta haren lekuan Haratago emango dutela, baina 17:15etik aurrera. Aurreko ordu eta erdia nola beteko duten, misterio santua. Lehen ETB3n ikus genitzakeen BBCko dokumental ederrak ikusi ahal izango ditugu ETB1en, primeran; baina gurean ekoitzitako magazin bati lekua hartuta.

Iparraldearen orena ere aldatu digute orenez, 19:40an doa orain. Ikusteko dago, baina, aldaketak ikusle kopurua gehituko dion. Ez seguru Ipar Euskal Herrian, ordu horretan afaltzen baitaude. Baina saioa gero eta gehiago da arduradunek aipatu zuten «Ipar eta Hegoaldearen arteko zubi eraikitze» hori. Azken saioa ikustea baino ez dago: asteon merkealdiak hasiak dituztela Iparrean, eta profitatzeko Hegokoek; edo Baionako pilota eskolako ordezkari bat kalakan, Kontxako badiako argazki ezin handiago baten aitzinean.

Nobedade gehiago ere izango da, noski: Anitzele bukatuko da; elkarrizketa saioa egingo du Iban Garatek; Bi eta bat-en atal berriak estreinatuko dira. ETB2n ere bai: David Barbero ordezkatuko du astelehenean bertan Begoña Zubietak; Patricia Gaztañaga bueltatuko omen zaigu —hau beldurra—; Plato 2.0 zerk ordezkatuko duen ikusteko dago.

Bestela, nobedadeak eskertuko lirateke albistegietan, gaurkoa bezalako manifestazioen inguruan. Baina susmoa dut zera batzuk gehixeago kostako direla aldatzen. Ea. Hitz egingo dugu datorren telebista-urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.