Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Datuek hitz egiten dute

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Pare bat datu jarri genituen bata bestearen aldean: ETB1 eta ETB3 kateen ekaineko ikusle kuotak. ETB1ek %1,4koa zuen, eta %1,1ekoa zen ETB3rena. Egun pare batek, ordea, ematen du buruari buelta pare bat emateko, eta, katxis, pentsatzeko baietz, datuek gauzak argi baino garbiago utzi arren, merezi duela aferari pare bat kontu gehitzea. Izan ere, harridura ez zait pasa oraino. Kostata sartzen zait kaskoan nola esklusiboki marrazki bizidunak—ezagunak, aspaldikoak, errepikatuak ez gutxitan— programatzen dituen kate batek ia lor dezakeen euskal telebista publikoak jaiotzean helburu nagusi zuen euskarazko kateak bezainbesteko ikusle kuota.

ETB1en gainean dezente hitz egin dugu hemen, pieza diferenteak lotuta egingo genuke diagnosi osoxeagoa. ETB3z ez gara aritu hainbeste, egia esatera, desesperazio hutsa iruditzen baitzait azkenaldian. Are begiratzea 2008 urrun hartan zer asmorekin jaio zen eta zer bilakatu den gaur egunean. Gogoan dituzue Zinemateka —filmak bertsio originalean azpidatziekin!—, Nick dut nik, Ipupomamua, Orain? Gogoan duzue musika saioak, filmak, dokumentalak, erreportajeak eta abarrekoak ere emititzeko asmoarekin sortu zela? Bada, begiratu, mesedez, ondoko orriko programazioa eta ikusiko duzue zertan geratu den ETB3: %90 baino gehiago marrazki bizidunak dira —lehentxeago aipatu modukoak, gainera—. Eta okerrena da inoizko ikusle daturik onenak bildu dituela joan den hilabetean. Inoizko programazio eskasenarekin eta inoizko daturik onenak. Halakorik! Jaiotza tasak-eta begiratzen aritu naiz, eta berez ez da tokatzen orain teleikusle berrien gehitze masibo bat. Ez behintzat marrazki bizidunekin soilik bizi den kate bat modu horretan aupatzeko.

Dena den, izan da azkenaldian harritzeko moduko datu gehiago. Aste honetan bertan ezagutu ditugu EGMren datuak. Konparazio zukutsuetarako aukera ematen dute. Adibidez, ETBko euskarazko programazioa 167.000 lagunek ikusten dute, eta gaztelaniazkoa, 446.000 ikuslek. Ados, oraingoz dena normal —soziolinguistika ahaztuta, soilik kontuan hartuta batzuek eta besteak duten aurrekontua—. Baina ea beste hau: ETB1ek gehi ETB3k 167.000 ikusle dituzte egunero, Gaztea irratiak 145.000 entzule. Eta, definitiboki, irudipena daukat datuek nik baino hobeto hitz egiten dutela azkenaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.