Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Debalde joatea ere

2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Egun pare baten buruan, euskal herritarrok gora begiratu eta, hodeirik ez bada tarteko, hantxe ikusten ditugun bi gizontxoen elkarrizketa bana eman dute telebistan. Frantziako presidentearena izan zen lehena, igande arratsean, TF1 kate orain pribatuan; eta Salomon Uharteetako lehen ministroarena, barka, Espainiako presidentearena, astelehen gauean, La1 oraino publikoan. Astelehenekoa Mariano Raxoik presidente denetik —iazko azaroaren 20tik— telebistan eskaintzen duen lehen elkarrizketa izan zen —hedabide bati eskainitako lehena orain gutxi izan da, ABC berripaperari—. François Hollande aurtengo maiatzaren 15etik da presidente, eta bigarren telebista elkarrizketa zuen igandekoa.

Beste konparaketa bat, audientziak. Hollanderen ordu erdiko mintzaldia 9,9 milioi ikuslek jarraitu zuten, audientziaren %41,1ek, 11 milioko tontor batekin —uztailaren 14ko elkarrizketa, TF1 eta France2 kateek batera eman zutena, 9,3 milioik jarraitu zuten orotara—. Raxoiren 50 minutuek, aldiz, ez zuten tamainako bozkariorik sortu: 3.258.000 ikuslerekin, %20,6ko share-a lortu zuten —tontorrak 4.029.000 ikusle eta %22,7 share-a—. Tira, ez irabazteagatik, ez zuen Isabel-en aurrean ere irabazi: 3.529.000 ikusle eta %20,1eko kuota izan zituen TVEk Gaztelako erregina katoliko askoari eskainitako fikziozko telesailaren estreinaldiak.

Eta elkarrizketa bakoitzaren analisiak ezagunak dira gaurgero: batez ere ekonomiaz aritu ziren biak ala biak, zertaz bestela, neurri berriak iragarriz frantsesa, orain artekoak nola-hala zuritu nahian espainola. Euskal aferaz —neurri ekonomikoak euskal afera ere badirela kontziente—, Hollandek ez zuen hitz erdirik esan. Tokitan gaude Frantziako agenda politikoan. Raxoik, aldiz, hartu zuen tartetxo bat, Euskal Erdian sozialistekin gobernatu izanaz damu ez dela eta Bolinaga kasuak (sic) higuina sortzen diola esateko. Baina arduratuago zirudien katalanekin: eskatu zuen, mesedez —mesedez!—, ez dela iskanbilatan aritzeko garaia.

Eta konparaketa makurrena, azkenerako: Hollande telebistara esateko zerbait zuela joan zen bitartean, ez zitzaizuen iruditu Raxoi debalde xamar aritu zela? Hots, agertu ez balitz ere, berdintsu esnatuko ginela biharamunean? Espainiarrek esaten dute ba: joan behar bada, joango gara, baina debalde joatea ere tontakeria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.