santi leone
Maratila

Demokratak

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hamabortzean behin, nire erreferentziako liburu-dendara joan eta, kafe bat hartu bidenabar (kafetegia ere baita), London Review of Books-eko azken alea uzten dut mahai gainean, ongi agerian, bezero guziek ikusteko moduan. Ez da esnobismoa: egunen batean —seguru naiz—, neska ingeles ilehori eder bat sartuko da abentura intelo-sexual baten bila, eta haren arreta neureganatu nahi dut. Memento hori ailegatu bitartean, hor egoten da LRBko ale ukitu gabea, eta nik, disimuluan, X-men komikiak irakurtzen ditut.

Anitz ikasi dut haien istorioetarik. Jende normalarekin zer-nolako harremanak izan nahi dituzten da, jakina den bezala, mutanteen dilema nagusia. Zenbaitek, Magneto buru dutela, erabaki dute, harreman hori ezinezkotzat jota, gizaki guziak garbitu behar dituztela. Baina, borroka horretan, bertze mutante batzuk izanen dituzte arerio nagusi. Eta hortik paradoxa: mutanteen holokaustoa saihesteko asmoz, mutanteak berak akabatzeko prest agertuko dira Magnetoren jarraitzaileak.

Aste honetako LRB gainetik irakurriz, ohartu naiz Salvoj Zizek-ek ere antzeko zerbait erraten duela: fundamentalisten kontrako borrokan, zenbait liberal prest daude askatasuna bera hiltzeko; edo, laikotasunaren aurkako lehian, elizak ez du problemarik balio kristauak baztertzeko.

Gurean ere berdin, gehituko nuke nik: terrorismoaren kontra eta biktimen alde, ustezko demokratak prest daude hauteskunde sisteman iruzur egiteko eta, prozesuan, gainera, ETAren jazarpena sufritu dutenen izena zikintzeko.

Eta dena, bertze Leone batek erran zuen bezalatsu, eskukada boto baten truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.