santi leone
Maratila

Denok kalera!

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Langabezia goiti doan garai honetan, bidezkoa da Nafarroako Gobernuari egindako lana aitor diezaiogun. Dena ez baita murrizketa izan. Lana sortzeko ere gauza izan dira. Lanpostu bat, hain zuzen ere. Centro Navarro de Autoaprendizaje de Idiomas (CNAI) enpresa erdi-publikoko zuzendariarena. Gehiago zehazte aldera, aipa dezagun Pedro Pegenauterendako sortu zutela lanpostu hori. Lanpostu duina, ez pentsa, zuzendari bati dagokion soldataz hornitua. Bere curriculumeko ezaugarri batek egoki egiten zuen posturako, inondik ere: zeukan kargu-uzte pentsioa akitzeko zorian zegoen. Argiago erranda: diru publikotik kobratzen zuena azkenetan zegoen.

CNAIko lehenagoko zuzendaria kudeatzaile izendatu dute. Argiago erranda: kudeatzaile berriak zuzendari gisa egiten zuen lana egiten segituko du, Pegenautek bere gain bertzelako ardurak har ditzan, hala nola ordenagailuko Tetriseko blokeak hurrenkera egokian paratu, naski irakurri ere eginen ez dituen paperak sinatu edo, oro har, potrojorran aritu.

Ongi jokatu du, beraz, Gobernuak, langabeziatik salbatu baitu mafia foralarengatik ez balitz bizimodua auskalo nola aterako zuen morroi bat. Alta, injustizia larria egin dute gure politikariek istorio honetan guztian: ez omen diote aparkaleku plazarik esleitu. Parkinga Pegenauteren eskarien artean dago (arrazoi osoz, artean erran dezadan), baina, antza, oraindik ez du erdietsi. Horregatik, zutabe honetatik Pegenauteren aparkatzeko tokiaren aldeko manifestaziora deitu nahi ditut nire irakurle guztiak.

Hark, ez izan dudarik, guregatik gauza bera eginen luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.