Esan bazuten esan zuten: «Planteatu beharko dugu euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea». Iban Garate mintzatu zen hala, Ai ,ama! saioko gonbidatuen endogamiaz galdegin ziotelarik elkarrizketa batean. Eta esan bazuten egin dute; ez genuen besterik behar, emandako hitza jaten euskalduna. Lehenengo aldiz, euskaraz hitz egiten ez duen elkarrizketatu bat ekarri zuten, beraz, astelehen gauean Ai, ama! saiora. Hortaz, gonbidatuak ez zekien euskaraz, baina bai, ustez, frantsesez, ingelesez eta japonieraz —ondo ulertu banion, behintzat—. Hala ere, erraz asko asmatuko dugu uste badugu saioan erabili zuen hizkuntza hiru horietako bat ez, besterik izan zela: gaztelania, noski; zein bestela erabiliko zuen Rafael Amargo gonbidatuak. Gaztelaniaz eta, orain bai, Garateren elkarrizketako esaldiari bukaera ematen zion «itzulpenak jarriz» bete gabe, bistan da. Ai, euskaldunaren hitza.
Gonbidatu bat espainolez aritu da ETB1en. Eta mundu guztia hasi da kexuka, espainolak ETB1 ere hartuko duela, aski zutela ETB2n egitea, munduaren akaberaren atarian gaudela. Baina, lagunok, ez al gara konturatzen, hizkuntzaz beste, Rafael Amargoren gisako izar bat, munduan ezaguna bere, zera, bere, tira, Rafael Amargoren gisako izar bat gure telebistan ikusteko aukera paregabea izan dugula? Ez gara konturatzen ezin berdinduzko zortea izan dugula intelektual handi bat gurean izanda, flamenkoaren mundua goitik behera ezagutzen duena, kapaz dena Camaron, Pepe Habichuela eta Tomatitoren ondotik Las Ketchup aipatzeko, «el euskera es un señor idioma» esan ostean, euskararen sortzetiko zailtasuna aldarrikatzeko, esanez euskaraz jakiteko bertan —Euskal Herrian? EAEn? Donostian? Ai, ama!-ko platoan?— jaio beharra dagoela? Honbre, ez gaitezen izan esker txarreko. Manolo Escobar ekarri izan balute, tira, baina, Rafael Amargo eskaini digutela, eskerrak ematen ari beharko genuke oraino.
Gainera, ezin uka grazia zuela gizonak. Eta ondo moldatu zela, euskaraz ari zitzaizkion hiru aurkezle izanik ere aurrean: txantxa pikante bat eginez, esan zuen galderak despacito y con vaselina egiteko, chicarrones del norte. Eta, hala, konturatu gabe, ezin hobeki finkatu zuen ETB1en egiten ari direna gaztelaniarekin: poliki-poliki sartzen, baselinarekin; plazer amiñirik eman gabe, ordea.
Komunikazioa. Ekografiak
'Despacito y con vaselina'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu