Aurelia Arkotxa.
Maratila

Dragoia

2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Larrun mendia, ekialdetik. Gure etxetik mirets daitekeen mendietarik bat. Urrunena. Aspalditik itzali su mendiaren itxura du. Hala zigun erraten geologiako irakasleak, kolegioan: su mendi izan zela garai geologikoetan. Formatik ezagut zitekeela haren naturaleza. Ez dakit hala den zinez. Aro txarra delarik, kukutzen da osoki. Batzuetan, goizean goiz, lainoa gauaz igana zaiolarik mazeletan goiti, kaskoa zaio bakarrik ikusten eguzki sortzeko orenean. Erlanoz eta laino zuriz estaliak direlarik errekak. Shih-T'aok pintatuko zukeen mendietarik da Larrun. Tinta beltzaren ñabardura finenekin agertuko zuen haren kaskoa lanoen gainetik Shih-T'aok. Ez «beteegia» eta ez «hutsegia»: «mendia beteegia delarik, hustu behar da lainoa eta kea sartuz, hutsegia delarik aldiz, etxez eta terrazez da bete behar» (T'ang I-Fen). Gisa guziz, ez dena agerian uzteko gomendatzen dute txinatar pintore eta poeta zaharrek: «Biziko gauza guziek agerian den alderdia eta agerian ez den alderdia badutelako, zeruan airean dabilan dragoiaren gisan. Bere burua biluzirik erakusten balu, zer probetxu? Horregatik, dragoia beti lanoz inguraturik da agertzen» (PuYen'T'u). Wang Weik ere gauza bera dio : «gauzek presente eta ausente behar dute izan, edo gaina zaie behar ikusi, edo azpia». Paisaiak pintatzen direlarik ez direla sobera «bukatu» behar dio Li Jih-Huak. Ikasi behar duela batek bere baitan gauzen «atxikitzen». «Hutsa»-ri lekua uzten. Hutsa, pintatua ez den gune dinamikoa baita. Poesiari aplikatuz, gramatikazko «hitz-hutsak» dira kentzen (François Cheng, Vide et plein, 1991). Hutsari eginez testuan bide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.