Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Egiazko lana

2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Begi-belarriak erne dagoenak azken denboretan ezin du hemengo leizor ilunen burrunbatik bazter egon. Gernikaren bonbardaketaren zaratak ote? Faxismoaren Junker eta Dornier hegazkinek bete zutelarik Bizkaiko zerua, berantegi zen begiak altxatuz argi zerbaiten ikusteko.

Hitzek balek baino lehenago herio lana hasten dute, hemen ere. Langabezia erraldoia Bidasoaren bi aldeetan hedatzen ari delarik, krisi sozial berri nagusi honek demokraziaren azken gune askeak hondatuko ote ditu 1930eko hamarkadan egin zuen bezala?

Frantziako hauteskundeek gerra zibil baten itzala erakusten dute: «egiazko» frantsesak deitzen ari dira boto onaren emaitera. «Egiazko lana» ohoratu nahi du Sarkozyk Parisen, erakutsiz «sindikatetako liberatuak» baizik ez direla biltzen maiatzaren lehenean. Boterearen atxikitzeko, dirudunen interesen zaintzeko denak on dira batzuentzat, eta bereziki beldurraren manipulazioa. Polizia batek «gaizkile» baten bizkarrez ihesean hiltzea normaltzat hartzen dutenentzat, «zuzenezko defentsa» egiten omen dutela aldi oro aitortuz, horra ere beste jendarte kudeantza bide bat. Langile edo ihardukitzaile edo gaizkile, denak klase berean sartuz, izugarrizko kontrol sistema bideratzea, mesfidantza sistematikoa bide zuzenean ez dabilenari agertzea, horra prestatzen ari diren etorkizuna.

Bada kezkatzekoa eta bada beste eredu batzuekilako mundu baten eraikitzeko premia. Ez bagara sartzen izuaren mundu horretan, elkartasuna gordetzen badugu: horra egiazko lana guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.