Zin dagizuet: hurrengo testuetan hitz egingo dut programazioari buruz. Astea interesgarri datorrelako, bestela: gaur bertan TV3 kateak eman egingo du, azkenik, ¿Monarquía o república? dokumentala; bihar Xabier Euzkitzek gidatutako saioa estreinatuko da, Bisitaria. Eta astelehen honetan abiatu zen Ai Ama! show berria, sekuentzia handiago izatean hemen komentatuko duguna. Baina utz iezadazue ETB eta hizkuntzen gaiarekin azken —oraingoz— zutabe bat egiten. Ez da nik seta dudanik: nahi gabe ere arean da eztabaida. Oraingoan galdera pausatu dute Zuzeu.com atari digitalean: Dirurik ez balego, gaztelaniazko EITB kenduko zenuke? Dirurik gabe edo diruarekin, eman nuen horren gaineko iritzia otsailaren 8ko zutabean; eta mantentzen dut oraindik —gauza arraroa nigan—.
Galderari emandako erantzun batek, ordea, sortu du nigan zalantza, eta beldurra. Eztabaida publikoa denez, hona ekarriko dut Andoni Olariagak esan duena: «Guk ere notiziak gaztelaniaz kontatzeko eskubide eta behar guztia daukagu, euskaraz ez dakien jendeari —nahikotxoa dena; ez al duzue horiekin pentsatzen ala?— gure mezua helarazteko. Jakinda EITB orain ez dela gurea, sozialisten altaboza baizik; lehen ere gurea ez zen, baina tira, ulertzen da: kate publikoa izanik, gure egin behar dugula eta egingo dugula noizbait, indar korrelazioa laster behar den lekuan islatzen denean». Notiziak gaztelaniaz kontatzeko eskubidea eta beharra eztabaidatu gabe —beste bat da hori euskal irrati-telebista publikoak egin behar duen—, arrazoibidearen bigarren parteak jarri nau adi. «Kate publikoa izanik, gure egin behar dugula» horrek. Kate publikoa bada, barkatu, baina ez dugu inorena egin behar, inor hori gureak badira ere —berdin zait Sortu, Bildu, Amaiur edo Encontro Irmandiñori buruz ari garen—. Bestela ez baita izango kate publiko, izango da beste zerbait —legitimoa oso, baina beste zerbait—. Eta gero, «jakinda EITB orain ez dela gurea, sozialisten altaboza baizik» horrek zer esan nahi du, gurea denean gure altaboza izango dela? Hartara, sentitzen dut, baina hemen otsailaren 8an emandako iritzia aldatu beharrean naiz —hau bai, normalagoa iruditzen zait—: ez dezatela ken gaztelaniazko EITB, ez hori bakarrik behintzat; ken dezatela EITB osoa, hau da, irrati-telebista publikoa, goitik behera, publikotik ez baitu ja ezer izango.
Komunikazioa. Ekografiak
EITB gure egiteaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu