Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Elurra ez denik ederra

2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Amerikanuak film dokumentala estreinatu zuen asteazkenean ETB1ek. Ea, berriz: Amerikanuak film dokumentala estreinatu zuen asteazkenean ETB1ek. Um, bada zerbait esaldi horretan kirrinka egiten didana. Zer mezu pasa nahi du zehazki? ETB1ek egin duela estreinaldia? Edo estreinaldia egin duela ETB1ek? Lehena bada, faltsua dela esango nuke, ia publizitate engainagarria, aspalditik bai baitago Amerikanuak guztion eskura Interneten, baita EITBk berak kudeatzen duen 30 film euskaraz webgunean ere. Sinetsi nahi nuke bigarren adiera eman nahi izan diotela kateko publizitatearen ardura dutenek, hots, ETB1ek lehen aldiz eman duela film dokumentala; gezur izpirik ez baita hor, baizik eta egia borobila.

Hori ustez argiturik, aitortuko dut bekatua: ETB1ek telebistan eman duen arte ez dut ikusi Amerikanuak. Jakin banekien aspalditik zela sarean, ikusteko puntuan ere izan naiz behin baino gehiagotan, baina guztietan egin dut kale, beti sartu zait tartean zer edo zer. Eta dokumentala ikusteko itxaron behar izan dut beste norbaitek telebista molde konbentzionalean programatu duen arte. Nik bezala hamaika jendek, seguru, ikusle datu koxkorrak izan baitzituen asteazken gaueko emanaldiak: %2,3ko share-a, hain zuzen. Eta iruditzen zait modu gero eta aktiboagoan jokatzeko aukera duela orain teleikusleak, eta akaso ez dugula aukera hori behar beste erabiltzen; beti goitik zer etorriko, geu joan beharrean produktuaren bila. Baina neu naiz, bistan da, hemen mea culpa desafinatzen lehena.

Gero, Amerikanuak film dokumentala: da delizia bat, faktura ezin txukunagoa, irudi iradokikorra, estetikoki bortitza, tempo-a du erretratatzen duenaren neurrikoa, musika bikaina. Eta kontatzen duena da kitzikagarria, harrapatzen du bukatzen ari den mundu bat, 50etan-edo artzain-eta AEBetara joan ziren haiena, han geratzen diren gutxi horiena. Parrillasek, Akerrak, Parisek, Txapok, Narvaiza txerif harri-jasotzaileak eta konpainiak irribarre bat baino gehiago atera zidaten, bai eta, momentu batean iruditu zitzaidan, malkoren bat. Agian ez masailetik behera, baina bai urdail alde horretan behintzat. Filma ikusi eta geratu zitzaidala halako desolazio ikaragarri bat. Ez dakit, akaso negua izango da. A, hori bai, Amerikanuak ikusi ondoren ez esan elurra ez denik ederra. Bai eta guztiz ere ankerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.