Lucien Etxezaharreta.
Maratila

'Emmanuelle'

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da hau: Hazparneko erretoreak, Raymond Idieder zenak, Bidarraiko haurren Komunione Handi egunean sekulako predikua egin zuen. Haurren erretreta eramana zuen aste guzian. Apaiz bortitza, lehengoen moldekoa, predikaria handi bezala ezaguna zen ere, herriko apaiz misiolarien haritik. Marilyn Monroe, ez hain aspaldi zendua, aipatu zuen, erakutsi nahiz edertasuna iragankorra dela, nahiz hilak ahal bezain ongi apaintzen diren. Edertasun bakarra Ama Birjinak daukala, bihotz samurra, bertutearen bidea eta Jainkoaren nahiaren aurreko apaltasuna erakutsi baitzuen. Betierearen bide bakarra esperantza eta bizia haren baitan jartzea dela, bere ahots ozenarekin bukatu zuen bezperetako mintzaldia.

Atzo jakin zen Sylvia Kristelen heriotza Amsterdametik. Minbiziarekilako hamar urteren borroka galdua zuela. Erotismoaren ikurra izan zela 70eko hamarkadan Emmanuelle Just Jaeckinen filmean, 1974an star nagusi agertuz. Orduko garaia ezagutu dugunok gogoan genuke orduko kartela, neska ederra eserita seskazko besaulki handian eta oihal arinez doi-doia jantzia. Lehenago, Pariseko azken tangoa-k egin efektu antzekoa izan zen, mugaz bestaldeko hainbat so egile Frantziako 8 milioiei gehitu zirela ere bai. Sylviaren bizia ez zen erraza izan ondoren, zorretan sartu baitzen, alkohol eta drogarekin batean.

Harrikatua eta laudatua, emakumearen erabilpenaren eta batzuek nahi zuten sexu askapenaren ikur? Star askoren patua ikusiko dute batzuek. Izar marra bezala, behin-behineko txinparta bota zuen, gazte eta eder. Sic transit gloria mundi: horrela doa munduko ospea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.