Aurelia Arkotxa.
Maratila

Enigma

2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
René Magrittek 1942an Henri Michaux-ren Magiaren munduan lanaz dio: «Deskubrimendua izan da enetzat, ene ustez den liburu ederrenetako bat da». Aldiz, Michaux-ren pinturak ez ditu sekulan aipatzen Magrittek. Biak 1964an biltzen dira lehen aldiz «ideien trukatze izan zen gure artean», dio Henri Michaux-k, «bai eta biekiko solas eta jakin-min». Ordea, Michaux-rentzat horretan berean bukatzen da dena. Magritteren ikustea bera, eta harekin mintzatzea bera traba delako harentzat. Traba ametsarentzat. Enigmarentzat. Magritteren pinturan zekusan enigma ja harrapatua eta hezia balitz bezala. Pintura enigmatikoetarik partituz amets egitea liburuaren bigarren edizioan (1972) aitortzen du Michaux-k ezagunak ezezaguna oztopatzen duela. Libertatea galtzen delako. 1964ko lehen elkar-kausitze-ez-kausitze haren ondotik, Magrittek Michaux-ren potreta pintatzen du 1966an. Ordea, potretan, Michaux idazleaz, eta idazleaz bakarrik ari da Magritte. Michaux pintoreari ez ikusiarena egiten dio. Michaux bere aldetik, Magritteren gogoetaren funtsaz ez da ohartzen («R.M.ren margoek molestatzen dute…»). Ez du ikusten Magritteren pinturetan den konformismoaren aurkako jarrera.Konbentzionalismo guzien kritika. Eta hizkuntzaren konbentzionalismoarena bereziki. Magritten pintura, Michaux-ren hitzen arabera: «Subjektu singularrak dituen pintura, bizkitartean pintura hotza, indiferentea balitz bezala, akademikoa, izugarriko baretasun batetik kanpo, emozio espresiorik ez duen pintura». Michaux-k Magritteren pipa eta euritakoa ez ditu ulertu. Ez ere haren zerua. Hitzorduak porrot egin zuen bien artean. Rendez-vous manqué.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.