Joan da U-21 famakoa eta, zer nahi duzue esatea, futbol partida batek uzten didan sentsazio bera daukat orain: gustura izan naiz bitartean, berdin-berdin geratu naiz ondoren. Partida osteko zigarreta erretzeko gogo berezirik gabe, gainera. Istilu azpimarragarririk ez zen izan egun guztian. Soilik Patxi Lopezi gertatutakoa, eraso latz gisa saldu nahi izan zutena: karteldun batzuek bost minutuko protestatxoa egin zioten. Antza, Feijoo galiziarrari ere berdintsu protestatu zioten. Baina lehenaren kasuan irudiak zeuden —eta irudiokin ireki zituzten eguerdiko albistegi guztiak—, eta bigarrenaren kasuan irudien absentzia izan zen notizia. Nola aldatzen diren gauzak irudiak egon, ez egon, eta horrek eginarazi beharko ligukeen hausnarra —adibidez, polizien irudiak ateratzeko debekuaren harira—.
20:00etarako iragartzen zuten EITBren zundaketa. Baina SER irrati kateko kazetari batek filtratua zuen bi ordu aurretik Twitterren: EAJk 26, EH Bilduk 24, PSEk 14, PPk 10, UPDk 1. Gero ez omen zen zundaketa, EITBko langileen kiniela baizik. Baina hara zortzietan ttanko zundaketaren datuak: EAJk 24-26, EH Bilduk 23-26, PSEk 13-15, PPk 9-11, UPDk 1. Zuek esan zundaketa edo kiniela zen. Emaitza behinbetikoak eskuratu arteko tartea jarraian. Eta EH Bildu, zundaketekin konparatuta, emaitza apalagoak ari zen lortzen. Hori nabarmendu zuen ETBk, EAE-probintzietatik jaitsi zirenean: lehenik, esan zuten Donostian EH Bildu hirugarren indarra zela, esan ahal izan zuten bezala PP Gasteizen 3-4. postuan zebilela, EH Bildurekin lehian hain zuzen —Gasteizen!—.
Lehendakarigaien lehen hitzak etorri ziren gero. Urkullu euskarazko diskurtso sendo batekin hasi zen —ea aurrerago mozketak zein hizkuntzatan iragartzen dituen—. Laura Mintegi hitz egitera atera zen segidan 22:15ean; baina aldi berean Basagoiti ere bai, eta ETB2k Basagoiti sartzea erabaki zuen —gogoratu PP laugarren izan zela atzo, eta EH Bildu bigarren—. Baina nik Patxi Lopez ikus-entzun nahi nuen, lehendakaria. Ez zidan huts egin: erakutsi zigun 150.000 euro nahikoa dela hiruzpalau lerro euskaraz irakurtzeko. Lopez ere aspergarri samar ari zen, ordea, eta moztu egin zuten erreparorik gabe. Gaixo gure lehendakaria. Izan ere, ETBkoek burua beste nonbait daukate jada. ETBkoek eta ipurdia leku epelean jarri nahi duen orok, noski. Zorte on, bada, denei.
Komunikazioa. Ekografiak
Epelean ipurdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu