Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Errautsetatik

2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat egun daramatzadan Crematorio telesailaren estreinaldiaz hitz egin nahian; baina ezin, aktualitatea sartzen zait beti tartean—orain dutxatzera joan dela probestuko dut, ea zutabea idazteko denbora dudan—. Barkatuko didazue: urtarrilaren 30ean estreinatu zuten, LaSexta katean; beraz, egun eta atal batzuk pasa dira ordudanik, nahikoa telesailaren gaineko iritzi koxkorra osatzeko. Astelehenero ematen dute, bi kapitulu asteleheneko; lau ikusiak ditut ondorioz. Eta zortzi dira guztira, 52 minutukoa bakoitza. Ez dakit garaiz izango zareten oraindik harrapatu ez baduzue, baina seguru emango dutela berriz. Bestela, Internet eta DVDa, kontuan hartzeko aukerak dira biak ala biak. Telesailak merezi baitu horrenbeste.

Ez dut ukatuko beldur pixka batekin gerturatu nintzaiola. Batetik, irakurria nuelako oinarrian duen izen bereko eleberria, Rafael Chirbesek idatzia, eta azkenaldian irakurritakoetatik onenen artean daukadalako, hain baita borobila eta kolpagarria. Eta, bestetik, espainiar ekoizpena duten telesailen gainean nolabaiteko aurreiritziak pilatu ditudalako urteen joan-etorrian, hain baita horien historia desolagarria —uste dut adibideak jartzea ez duela merezi—. Bada, esan beharra dut telesailak kolpetik uxatu dizkidala beldur guztiak, emaitza aurretik iragarri baino dezente hobea dela. Jose A. Perezek esan zuen bezala, Crematorio-k fedea itzultzen dizu, ez soilik telebistagan, ia Espainiarengan ere bai.

Teknikoki delikatua da, eta gidoi aldetik zuzena baino gehixeago, baina aktoreek eman didate sorpresarik handiena. Beste testuinguru batean ezagutu ondoren —Hospital Central eta abar—, harrigarria da nola hemen ahaztarazten dizkizuten beste testuinguru horiek, lehen aldiz ikusten dituzun aktore on askoak iruditzeraino. Ustelkeria urbanistikoa du gaitzat gainera, garapen salbaiaren inguruko kritika, Valentzia alde hartan kokatua. Iban Zalduak gaztigatu bezala, endemas, ING Directek eta Valentziako Generalitateak babestua dena.

Gaur larunbata da, eta ni, astelehena iristeko irrikan, Crematorio-ren hurrengo bi kapituluak ikusteko. Halakorik aurretik sekula. Bada Águila Roja eta Cuéntame kentzearekin pena hartuko duenik. Ez nik. Errautsetatik ezer jaio daitekeela erakutsi baitit Crematorio-k. Bidea markatuta dago, orain soilik falta da bakarren batek ibili nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.