Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Erreskatearen erreskatea

2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Jakin arren hainbat egintza ohiko jardunbide direla, gero gauzatzen direnean harridura eta amorrua ez dira, haatik, txikiagoak. Ea: zein izan daiteke iritzi publikoaren aurrean Espainiak erreskatea eskatu duela iragartzeko unerik aproposena? Izan daiteke larunbat gaua, ados. Eta zein izan daiteke iragarpen horrek kalte gutxien eragin dezakeen larunbat gaua? Bada, biharamunean Espainiako selekzioak Eurokopan debuta egingo duenekoa. Eta zer egin daiteke inpaktua gehiago gutxiagotzeko? Gehitu bazkal aurretik Roland Garros-eko final bat, Rafa Nadalen eta beste baten artean —serbiarra gainetik, Balkanak eta balkanizatzea inkontzientean—. Zer, gutxitxo dela? Lasai, behin futbol partida amaituta, 1 Formulako Kanadako lasterketa daukagu afaltzeko, Fernando Alonsorekin.

Noski, hori guztia kasualitatea da. Erreskatea iragartzeko momenturik aproposena zelako aukeratu zuen Espainiako Gobernuak pasa den larunbat gaua, berri ona ondo baino hobeto irits zedin espainiar guztien belarri-gogoetara. Besterik pentsatzea makurra da. Baina ez esan jokaldi borobila ez denik, Espainiako Gobernuko politologo onenak ere ez luke estaltze kanpaina hoberik diseinatuko. Edozer iragarri gobernuak, Espainiarentzat eskasena izanik ere, eta jarraian jarri espainiar parte hartzea duten lehen lerroko hiru kirol ekitaldi. Listo, egina.

Albistegietan ikusi zen garbien. ETBkoek behar zuen lehentasuna eman zioten erreskateari, nahiz eguneko beste berri garrantzitsu batzuk —Frantziako hauteskundeak edota Euskal Herria Bilduren aurkezpena— atzendu horrela. TVEn lehenik sartu zuten erreskatea, noski, eta gero futbola, eta erreskateari, gainera, eskaini zizkioten 20 minutu inguru, akaso zuzendari izango denaren itzala oraindik ez delako nabaritzen. Baina pribatuetakoa jada eskandalua izan zen; batez ere, hiru kirol ekitaldietako baten esklusiba zuten kateetan —Tele5k futbola, Cuatrok tenisa eta Antena3ek 1 Formula—. Erreskatea aipatu eta presaka pasa ziren kiroletara. Kirolak erreskatatu zuen igandean Espainiako Gobernua, Europari erreskatea eskatu eta biharamunean. Eta kontua ez da serioa: jakinik ere tranpa gozoegia dela kirolena, hedabideek dute erruaren zatirik handiena, informazioa behar den moduan ez emateagatik. Izan ere, ez al ziren boterearen gehiegikeriei aurre egiteko tresna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.