Leku aldaketa.Joseba Arregi tertuliakideari elkarrizketa entzungarria egin zion Dani Alvarezek Boulevard-en asteazkenean. Aitzakia, sei hilabeterako AEBetako unibertsitate batera doala «ikastera eta eboluzionatzera», hemengo azken gertakizunek atsekabetuta. Jakiteko gaude zein irizpideren arabera egiten diren diskriminazioak iritzi-emaileen artean irrati publikoan. Tertulietako asko joaten dira halako tokietara ikastera. Baina horregatik ez zaie 20 minutuko solasaldia eskaintzen. Liburuak ere makina bat tertuliatakoek idazten dituzte, baina Luis R. Aizpeolearena promozionatu da astebete osoz gauero Ganbara-n, egileak ale bat oparitu eta gero. Batzuen balio edo produkzio intelektuala goratuz besteena gutxiestea ez bada hori, esango didazue.
Zergatik ote?Dani Alvarezen motibazioak asmatzen hasita, agian beste arrazoiren batek bultzatu du Arregirengan arreta berezia jartzera. Agian, Arregik atzo gauza bat eta gaur bestelakoa esaten duen tertuliakidearen paradigma irudika dezake, eta kazetariak, hain zuzen ere, tertuliakide figura horren barrunbe intelektuala xehatu nahi zuen. Edo, agian, morbo puntu batez, une honetan zehazki non aurkitzen den jakin nahi zuen, itzuleran zenbat aldatu den neurtu ahal izateko. Izan ere, Arregik hausnarketarako utzi zizkigun esaldi mordoen artean, hala diote bi enigmatikok: «ikasteak aldatzea dakar» eta «jakintsuak bere ideiak aldatzen ditu» .
Haserrea uhinetan.Ez da ohikoa irrati esatariak haserrea uhinetan adieraztea lankidea nagusien erabaki okerraren biktima izan denean. Are gutxiago, nork bere burua salbu jartzea egokiena izan litekeen krisiaren testuinguruan. Mauri Idiakezi (Cope Gipuzkoa, 15:10-16:00) haserre, suminduta igarri zitzaion joan den astelehenean. Iñaki Urbistondo kendu diote ondotik, Urteberritik aurrera, eta argi adierazi zuen amorrua. Guztiok ulertzeko eran hitz egin eta gero, isildu egingo zela aitortu zuen, «hurrengoa ni izan naiteke eta». Kazetaritzan gutxitan sumatu izan da inor horrela hitz egiten ahobizarrik gabe, larrua horrela arriskatzen lankidearen alde. Egia esan, Mauri Idiakezek eta Iñaki Urbistondok solasaldi polita, ziztagarria, polemikoa nahi bada, osatzen zuten ia ordubetez, oso bitarteko gutxirekin. Hori bai, Reala eta Lagun Aro GBC taldeetako zaleentzat aritzen ziren batik bat.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Erresuminduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu