Elikadura. Eko-tik

Esnea: freskoa eta ekologikoa

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Inork ezin du ukatu esnea elikagai orekatu eta osoa dela, gure bizitzako lehen otordua eta hasierako hilabeteetan gosea nahiz egarria berdintzen diguna. Ugaztunok amarengandik jasotzen dugu, eta horrek ezaugarri bereziak ematen dizkio; titia hartzean haurrek hartzen duten sosegua ikustea besterik ez dago.Baina agian harrigarriena denbora gutxian gure defentsak gogortzeko eta gure gorputza handitzeko duen gaitasuna da.

Gerora ohikoena behi esnea edaten jarraitzea da, gosaritan ogiarekin zopak eginda, kafesnea, jogurta, natillak... eta gaur egun esnea hartzeko moduak beste esne mota ditugu merkatuan. Tamalez, atzean geratu da esnezaleak baserritik etxeko sukalderaino ekartzen zuen esnea. Botilan edo tetrabrikean esne mota ugari daude dendetako apaletan: osoa, gaingabetua, kaltzioduna, omegaduna... Horrez gain, kontserbatzeko moduak desberdintzen dira, esneak gehiago irauteko tratamendu termikoen bitartez desinfektatzen baita. Batetik, pasteurizazioan esnea 80 graduan berotzen da; horrela, 8-10 egun iraun dezake hozkailuan, eta esne fresko esaten diogu; besteak beste esne makinetan aurkitzen dugun esnea da. Bestetik, esterilizatzeko sistemak daude, non esneak sei hilabete iraun dezan tratamendu termiko gogorragoa eragiten zaion. Horrek esnearen kalitatea jaisten du, esnearen zaporea eta proteinen kalitatea gutxitzen baititu.

Baina, oraingoan, esnearen jatorriari edo, hobe esanda, esne hori eman duen behiaren bizimoduari erreparatuko diogu. Esne osoa edateari uzteko mamuetako bat da kolesterola igotzen duela, eta hori, lege orokor bat baino gehiago, bere gakoak dituen egiaztapen bat da. Modu ekologikoan ekoiztutako esnearen ezaugarriak ekoizpen konbentzionaleko esneenetatik desberdinak direla ondorioztatu dute CIFAk (Nekazaritzako Ikerkuntza eta Prestakuntza Zentroa) eginiko ikerketa batean. Azterketako emaitzarik esanguratsuena esnearen koipe kantitatea eta kalitatea izan zen. Koipeak edo gantzak bi taldetan banatzen dira: ez-saturatuak eta saturatuak; saturatuek odoleko kolesterol maila igotzen dute. Esne ekologikoetan azterturiko gantz azido saturatuen ehunekoa esne arruntetakoa baino txikiagoa zen, eta, aldiz, gantz ez-saturatuena, handiagoa. Gantz ez-saturatuen artean, linolenikoa edo Omega-3a nabarmendu behar da: oso onuragarria da bihotzeko gaixotasunak dituztenentzat, odoleko kolesterola jaisten bat du.

Esne ekologikoa ongarri kimikoetatik at dauden larreetan aske hazten diren behietatik lortzen da. Haien elikaduraren oinarria belarra da, eta erabiltzen diren pentsuek ez dute ongarri kimiko, pestizida eta insektizidarik. Gainera, ukuiluan nahiz larrean behiek toki nahikoa dutela baieztatzeko, behi kopurua txikiagoa da. Horrela, behiaren ongizatea bermatzen da, eta esnearen kalitatea ziurtatu.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.