Ez da gaurko Maratila gerra kronika bat ; azken batean dena, edonon, politika aukera baten emaitza dela ohartzea. Eleka Elikatu taldekoen gogoa zen euskal kulturgintzaren estrategien garatzeko oinarriez hitz egitea Lorea Agirrek egin lan baten inguruan. Gaiak bazukeen jendeari beldur ematekoa, berriro euskalgintza gerra batean dugula, estrategia hitza aspaldiko urteetan edozein ekintzatarako erabiltzen baita. Izan dadin eskola, euskararen aldeko kanpainak, talde politikoenak, kulturgintza alor guziak, beti estrategia eta taktikak datoz mahaietara. Bistan da ere parekoen estrategia eta taktika maltzurrak salatuz ere, hala baitira gehienetan euskal kulturaren kapituluan. Hots, euskal konfliktoan gara parez par, gehiago aipatzen ez den kultur fronte famatu hura, duela 50 urte aipatzen hasi zena, bizirik ote dugu? Menturaz, dialektika horrek aspertzekoa eta nekatzekoa badu askorentzat, euskaldun izatea ez dela erraz, buru garun zola guzietan sartua baitugu.
Euskal kultura euskarak oinarritzen duela, lehen ohar nagusia ateratzen da. Horrek ondoriotzat dauka «lehentasuna hitzari» eman behar zaiola eta, besteak beste, «literatura dantza baino garrantzizkoago dela hizkuntza elikatzen duelako zuzenean»... Eta bestalde, gogoetatu zen ere euskarak zer leku behar duen etorkinen hezkuntzarako, eta baita ere zein balioen gainean, eta euskara «nor izateko»! Hara identitatearen arazoa ere, beraz. Loreak, «eraikuntza batean garelakoan», gai horiei toki nagusia ematen die. Horra berdin gogoeta oinarri zabala, ez berria, baina gaur konpondu behar duguna euskal kulturaren estrategia eta taktikak bideratzerakoan.
Maratila
Estrategiak eta taktikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu