Zibilizazio guziek ez dute balio bera! Horra Gueant ministroak deklaratu zuena, eztabaida bizia piztuz. Horren onetsarazteko, bakoitzaren «jendetasun balioen» maila aipatu zuen. Serge Letchimy Martinikako diputatuak egin erantzun bipilak sua piztu zuen: «Nazismoa sortu zuen Europako zibilizazioa» aipatu baitzuen.
Gaia zabala da eta filosofoak maiz aritu zaizkigu gai horren inguruan. Andre Comte-Sponvillek erakusten du «bestearen» balorazio ariketa funtsgabekoa dela. Bakoitzak dituen ikuspuntuekin bestearen baloratzea zuzenkontrakoa baita. Jakina da kanak hitzak jende erran nahi duela Kaledonia Berrian; hots, «besteak» ez direla «egiazko jendeak». Grezia zaharrean «barbaroa» zen greziar ez zena. Xabier Kintanaren ikusmolde batetik, omen euskara etor daiteke huts-kara-tik, hots, guk baizik genukeela «hizkuntza garbia»... Jendarte guzien jarrera da hori: «Gu gara baliodunak... hots zibilizatuak»... bestea, atzerritarra, gutxiago edo baliogabea da, eta, gainera, «atzerri otso herri»... eta auzoko txakurra betikukuso...
Zibilizazio guzien balio unibertsalaz asko mintzatu eta ikertu zen iragan mendean. Claude Levi-Strauss-ek «berdintasun» bat frogatu zuen: inor ez da «besteen» gainekoa. Ez dugu, hala ere, inuzenteak izan behar; badakigu armen indarrek dutela, betidanik, zibilizazioen «balioa» ziurtatu eta definitu. Indartsuenaren legea da aspaldidanik nagusi.
Modu humanistan jarriz, egia da ere kultura bakoitzak dituen «balioei» begiratzeak balio duela. Eta guk zer diogu gure «zibilizazioaz»? Ala Unamuno batek bezala erabakia dugu gure euskaltasunaren pikutara botatzea «zibilizazioaren hizkuntza» baliatuz?
Maratila
Eta euskal zibilizazioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu