Nik ez nuen nahi, ez neukan inolako asmorik. Gogoz kontra ari naiz, egoerak hartara behartuta. Baina hemen nator berriz hankapilota kontuak aipatzera, denboraldi honetan hamaikagarrenez. Tira, zentzu hertsian ez dira futbol kontuak ere, esan dezagun futbolaren inguruko kontuak aipatzera natorrela. Berehala argituko dizuet dena. Gainera, asteartea da, berripaper honen irakurleontzat asteko lehena, hau da, kirol eguna. Eta disimulatuago geratuko zait zutabea hainbeste saskibaloi, errugbi, esku pilota, 1 Formula eta gainontzeko kirol berrien artean.
Aitzakia gehiegi dira, hala ere, gauza onerako. Haatik, elur pilota handiegia egiten ari da, hain handia ezen besterik ikusten ez baitu uzten. Eta ez gaizki pentsatu mesedez: futbol taldea beste edozein izanda ere, bihotzeko Real Union balitz ere, berdin-berdin izango nuke tamainako samina. A, baina inozoa ni, ez naiz konturatzen El País-eko kazetariak gaztigatzen digunaz: ETAk jardun armatua utzi duen denboraldi berean futbol talde batek autoestimua berreskurarazi digula euskal herritarroi. Inork horren tristurarik balu, beraz, hahor futbolaren kontsolamendua.
Telebistaz jarduteko tartea dugu hau, ordea, eta, benetan, ez dut ulertzen zer pasatzen ari zaigun. Ez da noski telebista bakarrik, da, nola esan, giro oso bat, gesal moduko bat. Itsasertzean bizi denak igarriko du; lehorrekoak ere bai, noski. Eta jakin badakit handia egin dutela, jakin badakit zail izango dela halakorik berriz errepikatzea, auskalo noiz bizi ahal izango dugun halako beste egoera dontsu bat. Jakin badakit gero elur pilotak daudela, eta inertziak, eta ubera hartu nahiak, eta errazena dela denak zaldi garailean altzora lotzea. Baina galdera orduan da: eta gero zer?
Zer hau guztiau bukatzean—ze, hau guztiau inoiz bukatuko da, ezta?—, zer gaur garaipen direnak bihar porrot ozpin bilakatzen direnean. Zer egin, esaterako, Harian telebista saioarekin, orain artean emandako sei ataletatik hiru —azken biak— gaiari eskaini ondoren? Zer egin 60 minutos estreinatu berriarekin, orain artean bi kapitulu eman eta biak gai berari eskaini bazaizkio? Zerekin beteko ditugu La Catedral Directo gisako txiro-zopek utziko diguten hutsunea? Benetan, jakingo al dugu zer demonio egin minutuak eta minutuak betetzeko balio digun zera zut horrek krak egiten duenean?
Komunikazioa. Ekografiak
Eta gero zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu