Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Etxekoen aitorpenak

2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Enrike Bert. Operazale amorratu horren bisita izaten da Arratsaldekoa-n ostegunero, 17:45ean. Gomendagarriak dira haren azalpenak; musika genero hori begi okerrez ikusten dugunok ere irratia itzaltzeko edo dialez aldatzeko tentaldia uxatzeko moduan. Komunikatzaile abilak erdia egina baitauka, baldin eta jakintza eta pasioa transmititzen badaki.

Dena sinestekoa ote? Aurreko astean, Bertek ez dakit zein opera ikusi omen zuen, eta oholtza gainean sekula egin den bertsiorik onena izan omen zen. Arantza Iturbek, egoerei punta ateratzen beti bezain zorrotz eta azkar, hor erantzun zion «inoiz ez bezain onaren» baieztapena irrati audientziena bezalakoa dela: azken neurketako emaitzek aurrekoarenak gainditzen dituzte beti. Ez zaio arrazoirik falta Iturberi, pentsatu genuen oroimen pitin bat geratzen zaigun entzuleok; gogoan baitugu orain dela hilabete batzuk EITB bulartsuki agertu zitzaigula autopromoetako iragarkietan, esanez EIk ehun mila entzulerengana iristea lortu zuela. Eta hara non etorri zaigun aurreko asteetan berriro, orduan bezain ozen, azken neurketak igoera bat adierazten duela esanez, eta laurogei milako kopurua emanez… Irrati esaleek benetan sinesten ote dituzte aho betez esaten dizkigutenak —oroimen hauskorrekoak eta inozoak garelakoan—euren burua goratuz?

Kazetaria bere bakardadean. Olatz Arrieta (AEB) eta Eli Zunzunegi (Katalunia) berriemaileak biltzen ditu Mezularia-k ostiralero, 18:30ean. Albistegietako kronika zurrunetan baino informalago, erlaxatuago eta gizatiarrago aritzen dira honetaz eta hartaz. Zunzunegik, herenegun, 8.500 polizia eta ekonomia gidarik Bartzelonan egin duten Europako Banku Zentralaren goi bileraren barrunbeak kontatu zizkigun, kritika soziala eta sentimendu pertsonala nahastuz. Eskertzekoa den zintzotasun batez, makromuntatze eszenikoak eragin zion amorrua azaldu zigun. Esaterako, Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreari muturrekoa emateko puntu-puntuan egon omen zen prentsaurrekoan bertan, hari aditu baitzion bankuak herritarrengana hurbiltzeko egiten direla goi bilerak. Bada, horixe, prentsaurreko batera joan, adierazpenak isil-isilik jaso, eta kronika hotz bat besterik egiten ez duen bitartean, kazetari baten barruak bizirik jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.