Niri bost, berdin zait PPk edo PSOEk agintzen duen Espainia alde horretan; kaka berdina dira euskaldunontzat. Ez dira arrotz gisa horretako sententziak gurean. Independetziarekin oso zentratuta dagoen jendearen ahotik atera ohi dira, beste ezertan pentsatzeko astia tarte galdua dela uste dutenengandik. Akats larria, nire uste makalean. Nola izango da berdin batak edo besteak edo beste batek gobernatzea? Aizue, ez dezagun ahaztu, independentziarik lortu bitartean ere bagara, eta orain gure gainetik daudenen erabakiek eragina dute gure egunerokoan. Nola izango da gauza bera abortuaren lege bat edo bestea izatea? Nola izango da gauza bera sexu bereko bikotekideek egoera legeztatu ahalizatea edo ezin legeztatzea? Nola izango da gauza bera, eta orain gaia interesatzen zaigun eremura ekarrita, batak edo besteak kudeatutako telebista publiko bat edukitzea? Eta, gaia gehiago fokatuta, nola izango da gauza bera La2 katearen programazio bat edo bestea ikusi ahal izatea?
Gogoratuko duzue, garai batean bazen La2 izeneko kate kultural bat Espainiako telebista publikoan. Bazegoen, iraganean ari naiz. Defuntzio akta sinatzen hasi baitira dagoeneko. Agintari berriak esku sartzeko lehen aukera izan dutenean —eta izango dute gehiago, ez baita dena kolpetik aldatzea komeni—, to eta no, hortxe agertu zaizkigu aurtengo programazio berria aurkezten. Programazio berria? Aldaketak ez dira asko-asko ere, hori hasteko, baina bai oso esanguratsuak, eta nahikoa etxea agintzen duten jauntxo berrien printzipio adierazpena erakusteko. Kultura, gai sozialak, herritarren parte hartzea omen dute helburu; baina, noski, kultura izan daiteke Mira quien baila, Madrilen atzoko partida gai sozial, eta herritarren parte hartzea noizean behineko SMS bat. Capacitados izena du estreinatuko dituzten saioetako batek. Bertan, jende ustez ezagunak, David Bisbalek esaterako, entzumena, mugikortasuna edota ikusmena galduko dute egun batez, elbarritasun bat dutenek zer sentitzen duten ikus-entzuleei helarazteko. Pedagogikoa benetan, eta hunkigarria. Redes saioak, Eduard Punsetekin nahikoa ez, eta kolaboratzaile gisa hartuko du haren alaba Elsa, entxufismoaren bideak askotarikoak direla erakutsiz. Eta azkenik, errematea, Bertin Osbornek gidatuko du saio bat. Berdin zait zeri buruzkoa den ere. Baina ikusten nola ez den gauza bera?
Komunikazioa. Ekografiak
Ez da gauza bera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu