Erabaki nuen gauza batzuen gainean ez hitz egitea. Erabaki okerra, akaso, baina jarrera hartzea da gutxienik. Eta, garai honetan, ez zait iruditzen gutxi denik. Tarteka esan izan didate zergatik ez dudan komentatzen El conquistador del fin del mundo edo Gran hermano gisako saiorik. Eta kontua da gauza batzuk gehiegitxo iruditzen zaizkidala, parodia bera ere eskuzabalegi dutela. Nolabait, txarrenera, eta barka pedantekeria, salba daitezkeen gauzak komentatzea gustatzen zait, erabilgarritasun minimo bat izan dezaketenak, eta badira birziklapen prozesurik eraginkorrena ere alferrik luketen telebista saioak.
Horrexegatik ez nuen Lokaleroak aipatzeko asmorik. Baina jakin nuenean gala mundiala egin behar zutela larunbatean—kontzertuak, erromeria, batukada, DJ Oihan Vega, sari banaketak: Unerik xelebreenaren saria, Urrezko minutuaren saria, Anfitrioi onenaren saria— eta batez ere jakin nuenean, bizitzaren gorabeherak, ezin izango nintzela joan, erabaki nuen merezi zuela, pasarazi dizkigun momentu ahaztezin horiengatik besterik ez bada, omenaldi xume bat. Obituarioa akaso hobe, baina laster bigarren denboraldiari ekingo diola ere jakin nuen, lastima.
Ados, imajina dezaket nerabeak direla gaur egunean telebistara erakartzeko publikorik zailena, egun osoa makina horiekin katigatuta; are telebista hori euskarazkoa bada, erdara denean nerabezaroko transgresiorik behinena. Baina, kontxo, ematen du telebista jarri behar dela nerabetasunaren mailarik baxuenean, jaitsi behar dela nerabeen zulorik beltz eta zorritsuenera—Lokaleroak inoiz ikusi baduzue ulertuko didazue—; izan beharrean telebista pausoa markatuko duena, gazteak erakarriko dituena programazio duin, intereseko eta jakingarri batera.
Gainera, grazia egiten dit: gogoan dut gure gurasoak beldurretan izaten zirela gaztetxera joaten ginenero, ez dakit zer infernu klaserekin topo egingo genuelakoan. Arranopola, seme-alabak oraingo lokal horietako batera joango balitzaizkit, orduan bai beldurra! Eta, badakit, laburpen saioan agertu ziren hiru agure horien gero eta antz handiagoa hartzen ari naiz. Baina bat nator haien iritziarekin: ez dago zer eginik. Edo, bai, agian badago esperantzarako zirrikituren bat: hasiko nintzateke, esaterako, Juan Luis Zabalaren Galdu arte nobelaren irakurketarekin.
Komunikazioa. Ekografiak
Ez dago zer eginik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu