Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Ez den herriaz

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Garai txarrean gara hainbeste politikoren deklarapen eta aldarrikapenen artean. Hurbilenak baititugu omen hobekienik ezagutzen; horretan muga gaitezen, beraz. Frantzian eztabaida dute baden ala ez den populurik eta hori zer den zehazki. Hitza populuari eman nahi baitio Sarkozyk, sindikata eta alderdi politikoak baztertuz. Garai batean Baionako suprefetak populace izena eman zien nekazari manifestalariei, izen itsusi horrek ez daukalarik oraindik euskarazko itzulpenik. Aipatzekoa da ere, Korsikari estatutu zerbait eman beharrez, Frantziako Konstituzio Kontseiluak ez zuela onartu idatzia zuten populu korsikarra kontzeptua.

Ba, badugu hemen ere horrelakorik, duela gutxi Yolanda Barcina lehendakari nafarrak goraki—berriro— deklaratu baitu: «Ez da Euskal Herririk». Euskaldun garenok horrekin galdezkaturik sentitzekoa badugu. Ez baita arras andere zozoa, politiko ukamen zerbait bada hor. Alta bada, gure esaldi zaharretan bada: «Izena duenak izate bat du». Zer erantzun? Umore ona gordez, hala ere, hainbeste hotz bero jasanik negu honetan.

Marc Legasse zenak umore askorekin hartzen zuen gaia, eta «existitzen ez den herriaz» hainbat idatzi ederrik kaleratu zuen. Ohore zeukan ez ezagutua izatea hainbeste handi-mandi perttolirengandik. Isilean asmatua zuen ere Independentziaren Sonata bat, kontrabandan muga pasatuko zuen piano batean joko zena. Euskal Herri bat baita eta are gehiago euskal nazio bat etorkizun bat asmatzen ari dena! Anartean, bihotzean, buruan, maitasunaren bide ezkutuetan bizirik dugu, eta egun batez ez den herri horrekin munduari zerbait berri eskainiko diogu. Parioa libro!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.