«Benetako bake zintzo, ziur eta ona, batasuna, laguntasuna, konfederazioa eta betirako aliantza egin da». Frantzia eta Nafarroako erresumek Bloiseko paktuan, 1512ko uztailaren 17an.
Ezpatak ezin du dena. Une honetan, alferrekoak dira entrenamenduak, soldaduen abileziak eta nafar jendeen konbentzimenduak oro. Gaztelako erresumak eta bere aliatu inglesen tropak handiegiak dira gure armada ttipi bezain ausartarentzako. Ez da aurrez aurreko borrokarik komeni, eta sukalde lanaren txanda da. Nik, Nafarroako errege-erreginen ordezkari leial, Labriteko hiztun nekaezin, eta oro har Konte(nt) naizen honek, Iainkoaren graziaz, negoziazioak hasteko deliberioa hartu dut 1512ko uztailaren 9 honetan. Informazioneak ukan ditut Joan III.a eta Katalina I.ak mezulariak igorri dituztela Bloisera, Frantziako errege-erreginen ordezkariekin bakea hitzartzeko. Espainian ere badituzte konfidantzazko jendeak Fernando II.aren gorteko kideekin hizketan. Eta hizketan, eta hizketan. Ezpataren ahoa isildu eta mihia erabiltzeko unea da. Oraingoan hau da nire aportazionea.
Gure hiriburuan egunotan izandako negoziazioneei buruzko nondik norakoak igortzen derautzuet.
21:37. Caldereria kalea: Goienetxeko jaunen lurretako lehen kontaktua. Bi gudarion arteko aurreneko harremana. Mehatxu girorik ez. Adeitasuna eta asmo baketsuak. Elkarren zilegitasunaren aitortza, aurrez izandako zenbait hitzarmeni buruzko memoriaren irakurketa, bosteko trukaketa lotsatiak, eta lehen libazione ausartak. Hasi dira negoziazioneak.
02:37. Merced kalea: Bar Kaoseko akordioa. Ordu luzez hizketan aritu ostean, lehen fruituak. Adiskidetasun hutsezko bi puntuko ituna. Bat: elkarren aurkako erasorik ez da izango. Eta bi: bakoitza bere lurraldean geratzeko konpromisoa.
02:38. Labrit kalea: Bar Kaoseko akordioaren haustura. Azken hitzarmeneko lehen eta bigarren puntuen urraketa nabarmena. Hala ere, ez da negoziaziorik eten. Zalantza giroa hausteko, elkarren boterearen neurketa zorrotzak egin ahal izateari buruzko adostasuna. Bata eta bestearen azaleko eta azalaren errekonozimenduak, eta elkarren artilleria piezen obserbazione detailatua. Ongi doa tratatua. Oso ongi. Lehen aldarrikapen konpartituak: «Gora ezpainak!».
03:32. Mercaderes kalea: Caravinagreren ituna. Errekonozimendu saio sakonagoak. Ongi doa ituna. Oso ongi. Zinez ongi dago tratua. Oso ongi, benetan! Baina bat-batean, elkarren lurraldetasuna errespetatu beharrari buruzko puntuan blokeatu egin da konbersazionea. Madarikazionea, madarikazionea! Leringo kontearen itzala suma daiteke honen guztiaren atzean!
Mesfidantza giroa nagusitu da. Tropen deskantsuaren beharrari buruzko elkarrizketak izan dira, eta negoziazioneak beste baterako uzteko erabakia hartu dute bi parteek. Bi puntuko laguntasun ituna hitzartu dute. Bat: adiskidetasuna mantentzeko konpromisoa. Eta bi: etorkizunean harremanetan sakontzen jarraitzeari buruzko hitzarmena. Caravinagre nafar sarjentu neutralaren begiradapeko zaldun agurrak. [Ikus argazkia].
06:59. Nabarreriako iturri ingurua: Caravinagreren itunaren haustura. Ordezkarien bigarren kontaktua. Azken itunaren bi puntuen urraketa.
07:02. San Nikolas kalea: Baserri tabernako paktua. Elkarrizketa saio luzeen ondoren bi aldeok onartu dugu elkarren lagunen lagun izan, eta elkarren etsaien etsai izatea. Bi erresumetako ordezkariok elkarrekiko harturiko konpromisoak: elkarren edertasunaren bi aldeko aitortza mugagabea, batak bestearen lurralde propioetarako akzeso askea, eta betiereko maitasun baldintza gabea (gerra mehatxurik txikienaren arrastorik ez dagoen bitartean, betiere).
09:07. Indatxikiako Jauregiko jaunaren ganbera: Flex-eko bake hitzarmena. Konkista. Anexio ahaleginak. Elkarrekiko errendizioneak.
[Oharra: anexionearen nondik norakoei buruzko zehaztapenak desagertu egin dira artxiboetatik.]
Ezkutuko kronikak
Flex-eko bake hitzarmena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu