Azken egunotan ez dugu besterik izan. Hainbeste hauteskunde Euskal Erdian, kokoteraino izango dugu euskaldun bat baino gehiago. Euskal Erdian bertan; zer esanik ez Nafarroa edo Ipar Euskal Herrian. Nafarrak Pejenauterekin, eta akaso Barcinak hauteskundeetara noiz deituko zain. Aukera historiko baten aurrean geundeke —beste aukera historikobat—, Barcina etxera bidaltzeko. Ipar Euskal Herrian Lurramarekin ibili dira asteburuan; baiki, bestelako nekazaritza, elikadura eta bizimodua aldarrikatzen duen Miarritzeko ferian. Iparraldearen orena-n eman dute berri zabala, bai eta Kanalduden ere zuzenean. Baina azken egunotako hauteskunde zurrunbiloari ere tartea egin diote Bidasoaz bestaldera. Asteleheneko Iparraldearen orena-n bertan, adibidez, hitz egin zuten Jaurlaritzarako hauteskundeen emaitzez, nola ikusi duten kanpaina, zer ondorio atera daitekeen Ipar Euskal Herritik. Hori denori, lau minutuko erreportajetxoan. Bada zerbait: Ipar Euskal Herriko pilota Ligako hauteskundeei bi minutu baino ez zizkieten eman.
Baina Ipar Euskal Herritik azken egunotan iritsi zaigun berri pozgarriena Txirrita da. France 3 Euskalherri saioa ixtear dela dirudienean, hara non Frantziako telebista publikoak saio bat estreinatzen duen hirugarren katean. Deskonexioan, noski; hiru igandetarik behin, ados; ordu erdi, egia da; baina euskara hutsean, Allande Boutinen gidaritzapean. Eta bai, lehen saioan hitz egin zuten Baigorri aldeko ardogile batekin, Mixel Bergouignanekin, eta eskualdeko enpresa-ekonomiaren berri eman ziguten, segida-etorkizuna badela ziurtatu. Eta noski, Baigorriko lurretan ibilki, ezin faltatuzkoa zen pertsona bat agertu zitzaigun azkenerako. Ez Jean Haritxelhar, ez; bestea. Hori da, Erramun Martikorena —kurioski Haritxelhar ikusi ahal izan genuen Lurramako ospakizunetan, bapo bazkaltzen—. Baina joan den igandean eman zuten bigarren saiorako jada; heldu zioten adar agian interesgarriago bati, mugari, Ipar-Hego arteko harremanei, Maite Ubiria kazetariaren konpainian. Eta aitzakia izan zen nolabait hitz egiteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez ere, eta egoera politikoaz oro har. Ez zela izan soilik zeinen gasna goxoa egiten dugun, baizik eta eduki sendoagoko zerbait. Hemendik aurrera gustura ikusiko dugun saio bat dela Txirrita, alegia.
Komunikazioa. Ekografiak
Frantsesean Txirrita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu