Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Gaur da bat

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Berri gisa eman digute: Más allá de la vida programa gezurra da, engainua, iruzur hutsa. Ados, eskerrik asko informazioagatik. Badaezpada, baten batek horri dagokionez zalantzaren bat balu, programan lan egiten zuen langile batek argitu digu bidea: saioa pantomima handi bat da, eta hildakoekin hitz egiteko gaitasuna omen daukan Anne Germain medium-ak gutxi du igarletik. Langile ohi horren arabera, Germain andereak saiora gonbidatzen duten jendearen informazioa eskuratzen du aurretik: gonbidatuaren bizitzaren momentu garrantzitsuak biltzen dituen dosier bat txukuntzen diote saioko erredaktoreek —familia, hildakoak, haur garaiko oroitzapenak—. Eta gauzak sentitzen dituela edota ahotsak entzuten dituela sinetsarazi nahi digun bitartean, buruz ikasitako hainbat datu porroskatzen ari da. Gonbidatu batzuk pozik ateratzen dira Germain anderearekin izandako esperientziatik —ez denak: Santiago Segurak, adibidez, esan zuen gauza bakar bat ere ez ziola asmatu—. Eta 15.000 euro baino ez ditu poltsikoratzen saioko.

Baina medium horrek zenbat kobratzen duen berdin zait, enpresa pribatu batek egin dezala nahi duena bere diruarekin, komuneko zulotik behera botatzea bada ere. Berdin zait, halaber, saiora joaten diren babaloreak pozik geratzea engainatuak izan ondotik. Hemen gauza bat da puska batean larria. Behin edo behin iritsi naiz esatera —egun eskuzabala izango nuen seguruenera—, bada, tira, baietz, denak balioko duela segur aski, baina seguru ez duela denak berdin balio. Bada ez, gaur ez daukat egun eskuzabalik, eta esango dut denak ere ez duela balio, ez ginatekeela gauza batzuk inondik ere irenstera iritsi behar. Gisa horretako gezurrek ez dute existitu behar. Nik ikusi dut jendea saio hori ikusten. Milioika pertsonak ikusten omen du, audientzia datuak sinesten baditugu. Mundua kurritzen du Germainek erakustaldi moduko batekin; 80 euro ingururen truke sarrera; jende inuzentearen kontura loditzen kontu korronteren bat. Listo usteek diote bakarrik engainatzen dela engainatua izan nahi duena. Baina zalantzak ditut ez ote diren sare berean erortzen engainatuak izan nahi ez, baizik eta heldulekuren bat, laguntzaren bat, izan nahi duen gizagaixo saldoa. Barkatuko didazue, baina badira egunak ironiak ere funtzionatzen ez duena iruzurraren kontrako gailu gisa. Eta gaur da bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.