Izortze Santin.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Gaztetasunaren iturria geneetan ote dago?

2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Orain dela urte batzuk euskal musika talde baten abesti famatu batek «Ai, amatxo, ez dut hazi nahi!» esaten zuen, baina, zoritxarrez edo zorionez, ez dago modurik zahartze-prozesua ekiditeko eta, Peter Panen antzera, haurtzaroan bizitzeko sekula betiko. Zahartze-prozesuan, giza gorputzak zenbait aldaketa fisiko paraitzen ditu, aurpegiko zimurren edo ile zurien agerpena, besteak beste. Baina aldaketa garrantzitsuenak, eta gure bizi kalitatean eragina izango dutenak, giza gorputzaren organuen funtzioaren galerarekin erlazionaturik daude.

Azken urteetan, zeinetan gaztetasunaren ideia itxura fisikoari lotu den erabat, ugaritu egin dira gaztetasunaren elixirra promesten duten enpresa kosmetikoak. Nork ez du inoiz ikusi gaztetasunaren geneak aktibatzen dituen aurpegirako krema baten iragarkirik? Garapen bioteknologikoaren boom-az baliatu nahian, enpresa kosmetikoek zientziarekin erlazionaturiko hizkera erabiltzen dute beraien publizitatean, baina produktu hauen eraginkortasunaren oinarri zientifikoa erabat eztabaidagarria da. Egon badira giza zahartze-prozesuaren genetika aztertu dituzten ikerketak, baina gaur egun oraindik, prozesu horren kontrola genoman idatzia dagoen ala ez argitzeke dago. Beraz, zerk eragiten du gizakion zahartzea? Ba al da gure genoman zahartze-prozesua kontrolatzen duen generik? Posible al da gene horren manipulazioaren bitartez, giza zahartze-prozesua moteltzea edo gelditzea?

Zahartze-prozesua gizakiok pairatzen dugun prozesu pasibo eta entropikotzat hartzen da. Ikuspuntu honen arabera, denboran zehar, gure zeluletako molekula kaltegarrien metaketak gure funtzio fisiologikoen gainbehera eragingo luke, eta prozesu pasibo horren abiadurak gure bizi-luzera zehaztuko luke. Baina 1980.urtean Caenorhabditis elegans nematodoan aurkitutako mutazio batek bizi-luzera modulatzen zuela ikusi zenean, ikuspuntu hau erabat aldatu zen, eta zenbait izaki bizidunetan bizi-luzera kontrolatzen dituzten geneak daudela frogatu zen. Beste animalia batzuen bizi-luzeraren kontrolean parte hartzen duten gene edo bidezidor molekularren deskribapenak, giza zahartze-prozesuan parte har dezaketen gene kandidatu ugari definitzea eta ikertzea ahalbidetu du. Baina beste prozesu biologikoetan ez bezala, zahartze-prozesuan eragiten duten faktore genetikoak ez dira ebolutiboki mantendu; normalean harraparitzak edo infekzioek eragiten baitute animali basatien heriotza eta ez zahartzeak. Beraz, dirudienez animalia-ereduek garrantzia mugatua dute giza zahartze-prozesuan.

Orain dela mende erdi baino gehiago, zahartze-luzeraren genearen bila zebiltzan zenbait ikertzailek resveratrol deituriko substantzia bat isolatu zuten. Mahatsetan dagoen sustantzia honek sirtuin deituriko proteinen aktibazioaren bitartez, zenbait legamien, nematodoen eta ozpi-eulien bizi-luzera emendatzen zuela adierazi zuten. Berehala, enpresa kosmetikoek resveratrola zuten aurpegirako kremak garatu zituzten, adinaren ondorio diren makulen eta zimurren agerpenaren aurkako konponbide gisa aurkeztuz. Gerora egindako ikerketek ordea, sirtuinek bizi-luzeran zuten balizko efektua uste zena baino txikiagoa dela frogatu dute. Aurkikuntza hau gertatu zenerako aldiz, gaztetasunaren geneak aktibatzen zituen adinaren aurkako krema perfektuarekin irabazi mardulak izango zituen enpresa kosmetiko batek baino gehiagok.

Orain arte egindako ikerketek zahartze-prozesuaren genetika konplexua dela eta gene ezberdin askoren menpean dagoela adierazten dute. Gainera, dirudienez inguruneko faktoreek eta bizi estiloak ere berebiziko garrantzia dute prozesu honen abiaduran. Beraz, badirudi urrun gaudela zahartze-prozesuan eragina duten faktoreak definitu eta gaztetasunaren elixirra aurkitzetik, hortaz, duzun adina duzula, gazte pentsatu eta gazte bizi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.