Gehiengo isilak ez du Kataluniako independentzia nahi. Gehiengo isilak zezenak maite izan eta telebistan nahi ditu; gehiengo isilak El conquistador ikusten du ETBn, eta ez zaio axola Sautrela desagertu izana. Gehiengo isila familia normalaren aldekoa da, eta okakatua dago maritxuak eta lesbianak nonahi ikusteaz. Gehiengo isila, bada, horixe da, isila, otzana eta txintxoa.
Gehiengo isilak ez du zalapartarik ateratzen, ez du istilurik eragiten, ez du kalapitarik nahi, ez du protestarik gustuko. Greba egunetan, gehiengo isilak lan egiteko eskubidea aldarrikatu eta, fitsik erran gabe, lanera joaten da (maiz nagusiaren mehatxu isilaren pean, baina horrek ez du orain inportarik eta, beraz, isilean utziko dugu). Gehiengo isila ez da politikan sartzen, ez du ulertzen dirua zer dela-eta xahutu behar den hizkuntza autonomikoetan, deus guti daki ekonomiaz; gehiengo isilak hipoteka ordaindu nahi du, udan Levantera oporretan joan, igandeetan futbola ikusi, noizean behinka loterian jokatu. Gehiengo isilak murrizketak ulertzen ditu, gobernuari sinesten dio hark erraten duelarik gure baliabideen gainetik bizi izan garela, orain sufritu behar dugula, sakrifizioak ezinbertzekoak direla. Hori guzia gobernuak badaki, nahiz eta gehiengo isilari inork ez dion ja galdegin, inork ez dion inoiz iritzirik eskatu, hain da solas gutikoa, hain da herabea eta lotsatia.
Erran daitekeena argi erran daitekeela zioen Wittgensteinek. Eta orain, segur aski, inoiz baino argiago erran beharko genuke erratekoa duguna. Bertzenaz, gehiengo isilarekin nahasten ahalko gintuzkete.
Maratila
Gehiengo isila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu