Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Gizatiarra

2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ramon Saizarbitoria.Guztiz interesgarria idazleak eta Nagore Telleria esatariak eskaintzen diguten solasaldia Faktoria-n (asteartero, 10:05etik aurrera). Badago zer entzunik donostiarraren ahotik (atzoko eta gaurko garaien alderaketa, gizakien mentalitateak eta jarrerak…). Hori guztia baino baliagarriagoa, hala ere, idazleen inguruan ezarri izan zaigun estereotipoa apurtzeko saio polita izan liteke solasaldia entzutea. Hots: uste izatea nobelagile ona denak, derrigorrean, pentsalari ona behar duela izan. Figura estratosferikoa idazlearena, gizartean hainbat aldetatik ezartzeaz gain zenbait idazlek elikatu dutena (estatus soziala areagotzeko, egoa puzteko, merkatuan lekua izateko…), horretarako rola ondo antzeztuz (pose artifizialekin, dikzioarekin, diskurtso ziurrarekin…). Saizarbitoria, ordea, gizatiar azaltzen zaigu; alegia, gainerako bizidun anonimoagook maiz dauzkagun ziurtasunik ezarekin eta kontraesan ugarirekin, ex-catedra hitz egiteari uko eginez... Jarrera natural horrek itsasten die benetakotasuna bere asteroko agerraldiei.

Luis del Olmo.Nolabaiteko erretiroa hartu berri du, Protagonistas saioarekin 40 urtez 11.670 edizio egin eta gero; RN1n hasi, eta COPE, Onda Cero eta Punto Radio irratietatik pasa da 75 urte dituen gizona. Erretiroa bai, baina Iñaki Gabilondo kazetariaren antzera, iragarri du protagonista izaten eta gizartean iritzia sortzen segitu nahi duela: irailaz geroztik, goizero, iritzi tartea edukiko du (El correo sin respuesta), eta ostiral eguerditan elkarrizketa bat egingo du. Del Olmoren gainean panegiriko eta losintxak besterik ez da idatzi prentsan orain arte; baita euskal nazio ikuspegia dutenen artean ere. Magazinak eta tertuliak berak asmatuak direla nabarmendu zaigu. Hori egia izanik ere, azterketa kritikoa ere egin beharko zaio, eta beste zenbait aitatasun ere aitortu, bat batez ere: Francoz geroztikako estatuko irratigintzan bera izan zela lehena euskal gaiak (euskara, euskal kultura, abertzaletasuna, presoak, biolentzia…) denak zaku berean sartu eta bereizi gabeko jipoitzearen kirola ezartzen (ondorengo urteetan makina bat dizipulu aurreratu izan dituela, hori ere egia da). Alegia, bera izan zela lehen kazetaria estatuko bazterretan kaka (errealitatea kolore bakarrekora eramana) eta gorrotoa (giza sentimenduei dagokiona) barreiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.