Iragan da beste martxoaren 3 bat, 36.a, Gasteizen Poliziak bortizki bost langile baketsu hil eta hamaika zauritu zituenetik. Eta beste behin gogoratu dugu trantsizio deitutakoaren lorpen handietakoa izan zen egun ahaztezin hura. Baina aurtengoa desberdina izan da. Desberdina izan da, 36 urteren buruan lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako delegazio —argal— batek, Idoia Mendia anderea buru, biktima horiek omendu dituelako, lore eskaintza bat eginez Zaramaga auzoan, sarraskia gertatu zen elizaren atarian dagoen monolitoan. Eusko Jaurlaritzak —ez dezagun ahaztu, Manuel Fraga oroituaren PPk sostengatzen duen gobernuak— hildakoak UGT eta CCOO sindikatuetakoak zirela azpimarratu zuen, eta memoria berreskuratze eta eraikitzearen barnean kokatu omenaldi hau. Poliziaren gehiegikerien biktimei aitortza egiteko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuarekin bat omen dator, gainera.
Baina eguerdian Mendia Mahomarengana, hots, sarraskia gogoratzen duen monolitora, ustez poliziaren indarkeria salatzera, joan zen bezala, arratsean Mendiaren alderdikide eta gobernukide Rodolfo Aresek bere mutilak —eta akaso neskaren bat— bidali zituen bortizki lehertzera hainbat lagunek egin zuten protesta baketsua —lurrean eseri eta errepide bat itxi zuten; halakorik!—. Eta larunbateko ETBko albistegiak gobernuaren lore sortekin hasi zituzten moduan, biharamunean eguerdiko albistegian aipatu zuten zerbait, istiluak izan zirela, hainbat gazte lurrean, atxilotzeko unean erakusten zituztela, hogei bat segundo iraun zuen notizian. Tira, eta bost ertzain zauritu zirela ere esan zuten. Kontua da gaur egunean edonork izan dezakeela bere sakelan ez soilik zulo bat, baizik eta bideokamera bat, eta kasu honetan egon badagoela bideo bat, bost minutukoa, zeinean agertzen diren protestan ari ziren gazteak eserita, nola hainbat ertzain hurbiltzen zaizkien, eta haien parera iritsi, zerbait esan eta, hamar segundoren buruan, hasten diren tiraka, kolpeka, borraka, eta abar. Hots, orain 36 urte lanbide kideek egin zutenaren ez hain diferente ere. Eta gazteek korri baino ez zuten egin atzera. Eta bost ertzainzauritu ziren. Eta Jainkoaksortu zuen mundua zazpi egunean.
Eta gobernuari esan behar genioke biktimak gogoratzea ondo dagoela, baina ez dagoela zertan biktima gehiago sortzen ibili ere.
Komunikazioa. Ekografiak
Gobernu ekintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu