santi leone
Maratila

Going native

2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Haur nintzelarik, hiru gauza bihurtu nahi nuen handitan: ingeles, idazle eta erudito. Tira, hirurak aldian ez; hiruretarik bat aski nuen. Ingeles, idazle edo erudito. Edonola den ere, bistan da hiruretan huts egin dudala. Deusetan ere ez naiz eruditoa, ezta jakintsua ere. Bi liburu kaka argitaratu ditut, eta biak, gainera, beltz batek idatzi dizkit (eskarmentu handiko tipoa zen, Cesar Vidalekin ibilia).

Ingelesa izatera ailegatzeko ametsa gelditzen zitzaidan, baina horretaz, zer nahi duzue erratea, bada? Asmo hura Ramplonari itzuri egiteko manera bat bertzerik ez zela ohartu nintzenean, plana aldatu eta euskara ikasteari ekin nion. Halere, ez da gauza bera ingelesa edo euskara ikastea, Iruñea —orain badakit— aise urrunago baitago Ramplonatik, Londres baino. Erbesteratze anitzez latzagoa da gurea, irletakoa baino. Alta —gauzak zer diren— orain konturatu naiz nik egin nuena —euskalduntze prozesu hori, alegia— ingelesez baizik ez dudala izendatzen ahal: going native.

Bai, orain badakit. Euskal kultura natiboek erreserban egiten duten eta jende kulturadunak metropolian epaitzen duten zerbait baita. Hor da, errate baterako, euskal literatura, Espainiako sari nazionalei esker balioetsia. Eta hor da politika: lehendabizi, espainolei emanen zaie gure asmo independentisten berri, Hegoaldeko erdaran, eta, ondoren, euskaraz publikatuko da, Fort Durangon eros dezagun.

Bada horretan deus txarrik ikusten ez duena, eta, beharbada, arrazoi du. Baina niri, auskalo zergatik, haurtzaroko asmoak berritu zaizkit. Aurten katalana ikasten hasiko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.