Berriro ere Wikileaks agertu da eszenara. Oraingoan badirudi ustez «ezkutuko CIA» deitu dioten Stratfor inteligentzia enpresaren posta elektronikoak argitaratuko dituela. Horretarako, hainbat hedabideren laguntza izango du, informazioa iragazi eta ezagutarazteko. Ez dakigu hedabide hauek informazio horrengatik ordaindu duten edo ez, baina informazio hori eskuratzeko aukera izan dute. Horien artean, paperezko bertsioa itxi behar izan duenPúblico egunkaria dago.
Ez zait askorik gustatzen Wikileaks-ek azkenaldian darabilen politika hau. Sinesgarritasuna eman beharrean, kendu egiten dio hedabideen bidezko bitartekaritza horrek. Haren ideologiarekin bat egiteko, hobe litzateke informazioa ere beste guztion esku egotea, eta bakoitzak ikusiko luke hori nola filtratu.
Horretaz gain, oraingoan lortutako informazioa ez da espioitza sare batetik etorritakoa, ezta estatu baten zerbitzuetatik ateratakoa. Stratfor bere zerbitzuak eskaintzen dituen inteligentzia enpresa bat da. Posta elektroniko horietan bere bezeroen informazioa egongo da, eta horiek garrantzitsuak badira —estatuak, enpresa handiak, agintariak...—, beharbada informazioa interesgarria argitu daiteke.
Etikoa den ere ezbaian egon daiteke, baina, arreta horretan jarri beharrean, enpresa horrek informazio hori eskuratzeko eran jarri nahi dut. Seguruenik, enpresa horrek informazio hori iturri publiko asko bildu, lotu eta aztertuz lortzen du. Hori gero produktu bihurtu eta bezeroei saltzeko. Oso kasu gutxitan beharko ditu, ikertzaile edo informatzaile espezializatuak.
Informazio gehiena publikoa bada, zerk du ba balioa? Bada, informazioa aztertu, elkar lotu eta bertatik ezagutza sortzea. Guri buruz informazio asko dute, hori badakigu, eta gero eta gehiago dira guri buruzko informazioa jasotzen duten tresnak ere. Bisualki ikusi nahi baduzu, instalatu Collusion (https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/collusion/), Firefoxerako gehigarria.
Hala ere, ondo pentsatuz gero, Stratfor-ek egiten duena guk egin dezakegu. Interesak ezberdinak izan daitezke, baina argi dago informazioaren analisian gauza asko daudela egiteko. Informazioa eta ezagutza oinarri dituen jendarte honetan, enpresa, erakunde, talde eta norbanakoek ere bere inteligentzia agentzia txikiak izango dituzte, edo bestela kontratatu.
Komunikazioa. Irlen sarea
Gure Stratfor txikiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu