Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Gutarrak eta aurkariak

2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Garbiketa. Leopoldo G. Echenique RTVEko zuzendari berriak ekin dio garbiketa ideologikoari. Kate motzean lotzeko bidean da, gero eta eskuinagoan, panorama mediatikoan kontrolatu gabe geratzen zaion etxe hori. RN1eko Juan Ramon Lucas (En días como hoy) goiz magazineko gidaria kendu zuen herenegun, nahiz eta entzuleak pilatuz joan. Datozen egunetan, ziurrenik, Toni Garrido (Asuntos propios) eta Pepa Fernandez (No es un día cualquiera) izango dira INEMeko bulegoetatik pasatu beharrekoak. Silvia Tarragona (Afectos en la noche) ere kolokan egon daiteke.

RN1 'interekonomizatzen'. Likidazio prozesu horretan, ikusteko dago zeintzuk izango diren esatari berriak. Kinielak onartzen dira; Antonio Jimenez (El gato al agua, Intereconomia ) azaltzen da Lucasen ordezko.

Betikoa, ez hain betikoa.Botere aldaketa dagoen aldiro telebista eta irrati publikoetan gertatu ohi den kazetari gutarren eta aurkarien arteko sailkatzearen aurrean gaude. Baina onartu behar da Zapateroren aroan gauza ez zela horren sektarioa izan, RN1en bederen: konfiantzakoak izan zitezkeen orain kalean geratzekoak direnak, bai, baina urteotan ez dute izendatzaileek ustez nahiko luketen bezain era alienatuan jardun. Gainera, esan genezake RN1ek frankismotik zekarren kutsu karka eta boterezalea ezabatzea lortu dutela. Toni Garridok, batik bat; hots, estatuko irrati generalistetan geratzen zen ahots progresista, sarkastiko eta kritikari sozial bakanetakoa.

Umore saiakera. Maialen Oterminek eta Anartz Zuazuak umore tarte xelebrea estreinatu dute aste honetan, elkarrizketa irudizkoen formula erabiliz (San Fermin eta Lamarka), astelehen eta ostegunetan, Itziar Arangurenek gidatzen duen Blai! saioan (12:05-13:00). Umorea eta EI ez dira gehiegitan ezkondu, eta konfiantza eman beharko zaie bi gazteei, ea noraino iristen diren euren lotsagabekeriak.

Julian Beloki. Esatari beteranoa Jakin minez saioarekin itzuli zen mikrofonoetara, EIko zuzendaritzan urtetan boterea kudeatu ostean. Txukun birkokatu da, unibertsitateak arnasten duen pentsamendua eta zientzia ostegunero gureganatuz (21:05-22:00). Lanez gainezka dabil egunotan gainera, udako ikastaroen berri emanez laburki (13:45-14:00)) Kultura saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.