Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Handiegiak

2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Lehengoan nire lagun Felixekin elkartu nintzen trago batzuk hartzeko. Laugarren garagardoarekin batera, zertaz eta Greziak Eurogunea utzi ondorengo kataklismoaz hitz egiten hasi zitzaidan. Harritu ninduen, baiki, Felixek sekula —gutxieneko bizioak ordaintzeko lain izan duen bitartean, esan nahi baita— ez baitu aparteko interesik azaldu ekonomia kontuetan.

— Zor arriskuarenak Europa pikutara eramango dik, Xabi, baina nik jada egin diat egin beharrekoa. Dirua atera eta Hendaian kontu bat ireki diat. Eta hik gauza bera egin beharko huke!

— Eta hi… noiztik ekonomian aditua?

— Zoritxarrez, master bat eginarazi zigutek… eta gainera atzo Natxorekin hitz egin nian.

Labur-labur: Natxo Felix eta bion lagun sevillar bat da, aurrezki kutxa bateko langilea. Jator askoa, bai, baina legioaren ahuntza baino espainiarragoa.

— Bankian gertatutakoaz galdetu nioan, bankarien zein PPSOEren jarreraz, azalpenik eman nahi ez izateaz, azalpenik eman behar ez izateaz, korralitoaz… Eta Natxok, ez kezkatzeko, eta La Rojak atzera ere irabaziko duela Eurokopa… Badakik zer esan zidan? Handiegiak zirela eta Europak ez zuela Espainia erortzen utziko…

— Eta hik zer esan hion?

— Handiegiak, bai… zuen barrabilak… Horiek bai handiegiak…!

Zeinek daki! Agian ideia ona da nire lagun Felixen aholkuei jaramon egitea. Izan ere, Natxoren aurrean, behintzat, ekonomia— eta finantza—analisirako zehaztasun handia erakutsi baitzuen.

Ikaragarria esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.