Jokaldia hain izan zen makurra, erridikulua ere izan dela tamainakoa. Astearte arratsaldea, inoizko jende elkarketarik handiena Katalunian; milioi bat eta erdi lagun, esanez denek Espainiari nahi dutela bertatik atera. Kontxo, bada zerbait. Bada, Espainiako telebista publikoak zer egingo, eta 12. lekuan ematen du berria arratseko informatiboan, 21. minutuan. Jokaldia hain izan zen makurra, ordea, ezker-eskuin hasi zirela kritikak berehala. Asteazken gauean hanka sartzea izan zela sinetsarazi nahi izan zuen TVEk. Motiboa, ez galtzekoa: gertaera ez zuten ondo baloratu. Erridikulua, dena den, ageriegi zegoen dagoeneko: Le Monde berripaperak Diadaren berria ezkutatu egin zela idatzia zuen ordurako.
Zaila baitzen sostengatzen makurkeria: Espainiako gainontzeko kate guztiek, Antena3, Cuatro, La Sextak, Bartzelonako kaleekin hasi zuten albistegia—Tele5k ez zuen albistegirik eman, Georgia-Espainia futbol partidagatik—. BBC edota Al Jazeeraren ingelesezko kateek berebiziko garrantzia eman zioten manifestazioari. Pentsa, ETBk ere zuzen eman zuen notizia, arratseko albistegia harekin hasiz, noski, eta zuzeneko berriemaile baten kontakizunarekin.
Txukun aritu zen, halaber, TV3 katalana, telebista nazional gisa, informazioa eta zerbitzu publikoa eskainiz. Egun osoko jarraipena, zuzeneko konexioak hainbat interesgunerekin, ekitaldien zuzeneko emisioa, analisiak, iritziak, elkarrizketak... Lastima da horrela jokatu eta biharamunean iragartzea haurrentzako kateak (Super3) eta kulturakoak (33) bat egingo dutela —kulturakoa egun osokoa da, baina hemendik aurrera 21:30etik 06:00etara joango da—; eta kulturakoak hartzen duen frekuentzia kiroletako kateak (Esport 3) beteko duela. Independentzia prozesuari ekarpena egiteko modu, gutxienez, bitxia iruditu zitzaidan.
Hartara, hau izan daiteke galdera gaiztoa: aukeratu behar izatekotan, zer da hobe, estatu independente bat telebista kirolei eskaintzen diena? Edota akaso orain arteko autonomia, baina kulturari pantailan egiten diona merezi duen lekua? Eta hori esanik, beste interpretazio bat: Espainiako eskuinari zeinen ondo datorkion orain ekonomia, bestelako kontuak sobera daudela esateko. Eta, Kataluniako Generalitateari zeinen ondo datorkion orain afera nazionala, estaltzeko gauzatzen ari diren sarraski ekonomiko-soziala.
Komunikazioa. Ekografiak
Hanka sartzea eta ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu