gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Hawala teknologikoa

2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Dirua denon ahotan izaten dugu, diru falta normalean. Hori kontrolatu eta kudeatzen duten erakundeak diruaren kontrola eta mugimendua kudeatzen jarraitzeko interesagatik etengabean ari dira lanean. Beti harritu nau, adibidez, kutxa automatiko bat topatzeko erraztasuna, arrandegi batekin konparatuz. Ordainketa sistemen inguruan benetako lehia dago azkenaldian.

PayPal sarean oso ezaguna da. Sakelakoekin ordainketak egiteko aukera ere zabaldu nahi du kontu bat posta elektroniko kontu batekin lotzen duen sistema honek. Zuzenean telefonoarekin edo QR-code ezagunen bidez ordainketak egiteko proposamenak egin izan ditu.

Telekomunikazio enpresak, sakelako telefonoen ekoizleak eta Visa, MasterCard finantza bitartekari nagusiek NFCren (Gertuko eremuko komunikazioa) alde egin nahi dute. Telefonoan integratutako txartela berezi batzuen bidez, telefonoa hurbiltze soilarekin finantza eragiketak egin ahal izango ditugu.

Beste berrikuntza asko ere badago: hainbat kreditu txartelekin aldi berean ordaintzeko aukera ematen duten gailu irakurleak, gure sakelakoa datafono bihurtzen duten tresnak, denda jakin batzuetan bonobus txartel moduan ordaintzeko aukera ematen duten aplikazioak... Hala ere, horiek denak gehienetan aipatu ditugun finantza erakunde horien bidez igaro behar dute.

Beraz, benetako alternatiba bat eraiki behar bada eta jendearen arteko diru truke zuzenago eta libreago bat egin nahi bada, beharrezkoa litzateke horiek saihestea. Hemen behin baino gehiagotan aipatu dugun BitCoin moneta birtualak posible egingo luke, baina eguneroko errealitatetik urrun dago oraindik. Konfiantza sareetan oinarritutako Hawala bezalako sistemak, aldiz, ez dira asko saiatu arlo tekonologikoaren bitartekaritzaren bidez. Demagun transferentzia bat egin nahi dugula bi pertsonen artean Hawala sistema erabiliz. Pertsona batek dirua konfiantza sareko abal-emaile bati ematen dio. Hura beste sare gertuagoko beste abal-emaile batekin jartzen da harremanetan. Bigarren abal-emaile horrek konfiantza duenez eta abal-emaile arteko transferentzia egin behar izan gabe beste lagunari entregatzen dio dirua. Noizean behin, konfiantza sare horretan daudenek kontuak egingo dituzte, baina batez ere arauak konfiantza sareko kideek ezartzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.