Maratila
Hegoa (II)
Erroman duela lau urte gutitarik huts egin nuen Hiroshige... Haatik, esposizioaren iragarkia preziatuki altxatu nuen. Ondotik, Parisen nintzen batean Hiroshigeren Tokaidoa («Hegoaldeko bidea») kasualitatez kausitu nuen liburutegi batean. Gero, Internet, Google map: Tokaidoko tokiez amets egin nuen. Azkenean, testu bat atera zitzaidan Erlearendako, Pamielakoek Hiroshigeren estanpa finez ilustratu zidatena (eskerrak, Txema eta Bernardo). Eta horra non, joan den asteburuan, Pariseko metroan erdi lasterka nindabilala, ikusten ditudan bapatean Pinakotekako azken afixak : Hiroshige eta Van Gogh. Van Gogh eta Japoniako artista tradizionalak. 1888ko urriaren 3an, Emile Bernard pintoreari izkiriatzen dio Vincent van Goghek erranez «hunkitua» dela ikusiz artista japoniarrek elkarrekin zituzten harremanak: «elkar maite» zutelakotz, «elkarri atxikiak» zirelakotz. Maite baitu Van Goghek haien apaltasuna, humilitatea. Azpimarratzen du «obrero xinpleak» balira bezala zirela bizi. Momentu horretan da justu Van Gogh «belarra»-z oroitzen: «Badut etxean japoniar marrazki baten erreprodukzioa: belar izpi bakar bat». Nik ez dakit zer zuen ikusi zehazki. Zein belar izpi bakar. Berdin du, azkenean. Hiroshigeren «udazkeneko belarrak», nishiki-e (1852) deitu estanpa behatua baitzukeen. Ilargipean dantzan belarrak. Hiru paralelok estanparen angeluzuzena, beheretik gora kurutzatzen: ilargiaren argi lanoxka trebeska doana erditik, ideogramekin; gainaldean, zeru beltzaren zati triangelatua eta izarren argiak; beherean, belar izpiak dantzan beste triangelu baten argitasunean. Van Goghek, bere aldetik, «Belar laukia» (Carré d'herbe, 1887), zuen pintatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu