Maratila
Hegoa (III)
Van Gogh, Arles aldera badoalarik Japoniaren bila dabilala (l'équivalent du Japon, le midi...) badakigu. Diolarik le midi, Frantziako eguerdia du izpirituan. Oroit gaitezen han dela haren ustez «arte berriaren etorkizuna» (Theo anaiari, 1888an). Ordea, Frantzia eguerdiko eguzkiaren argitasun bereziaz gain, biziki interesatzen zaio japoniarrek okzidenteko perspektibaz egiten duten probetxua. Hots, beren hirien eta beren bazterren errepresentazioetan nola diren baliatzen ihes puntuaz eta ihes marraz. Gisa guziz, non nahi dela, izan eguerdian (Mahasti berdea, 1888) ala Parisen ( Montmartreko mendixka , 1886), ala iparraldeagoko bazter hits euritsuetan (Hilerria euripean edo Hobi komuna, 1886) Van Goghek Hiroshigeren eta beste maisu japoniarren marrazki eta estanpetan miretsi dituen perspektibak ditu ikusten. Bereziki Utagawa Hiroshigerenak. Gogoan dituzke:Koizuminen, arratseko euri; Okaben, Utsu mendiko huntzosto bidea; Sakawa ibaiaren trebesatzea; eta bista Hakoneko urrungo mendietan... Maisu japoniarrak okzidenteko perspektibaz baliatzen dira paisaien sakontasuna molde berezian azaltzeko, ikuslea kurri ibil dadin bidexka, bide, karriketan, horizonteetaraino. Meditazio-bidaia kalmeak Hiroshigeren estanpak. Alta, van Goghen pinturak ere. Nahiz dardara sortzen dizuten larruan. Pintzela kolpeei so nindagoela hurbil hurbiletik, Pinakotekan, van Goghen bihotz-taupadak sendi nituen zuzenean ene baitan. Zurrunbilozko zeru, zirimolazko ilargi eta izar, zeruz egarri altzifresa, bidea ihes, eskapu, pertsonaiak hain hauskor!: Probantzan, kanpainako errepidea, gauaz(1890).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu