Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Hil kanpaiak

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Sautrela-renak egin du. Listo, bukatu da, ez da denboraldi berririk izango, hauxe du azkena. Apirilaren 8an, 13 urteren ostean, 351 atalarekin desagertu egingo da literaturari euskaraz eskainitako telebista saio bakarra. Hasier Etxeberria zuzendari eta aurkezleak iragarri zuen ostegunean, Twitter bidez. E, baina itxaron, handik gutxira, Joselu Blanco delako batek, ETBko programazio zuzendariak, esan zuen Sautrela ez dela desagertu, 2012. urtean soilik 13 atal egingo direla, baina aurrerantzean, hau da 2013. urtean, Sautrela-ren atal gehiago egon daitezkeela. Momentu batez zalantza, ziurgabetasuna, esperantzarako ate bat zabalik, ea programazio zuzendariarena den informazio ona. Baita zera ere.

Horiek nahi dutena da mezu anbiguoak pasa; ezer definitiborik ez den ideia zabaldu; saio baten desagertzea, ez ETBko arduradunen erabakia, kasik jainkoaren desioa dela sinetsaraztea. Baina ze uste dute, hemen jendea tontoa dela, edo? Ez da lehen aldia ETB maneiatzen dutenek saio batek jarraituko duela baina ez duela jarraituko egiten dutena. Ez dakigula zer pasatuko den, baina litekeena dela, baina ez dagoela gure eskuetan. Ahal genuena egin genuela, baina ezin izan genion bizitza salbatu. Ados. Behin, tira. Bitan, pasa. Baina hirugarrenean nik ez dut jada ipurdia jarriko. Argi dut zer nahi duten: zalapartarik ez sortzea, ez protestatzea, baretzea ahal den neurrian jendeak saio baten azkenaren aurrean izan dezakeen haserre legitimoa. Labur esanda: Sautrela, kendu, kenduko dute, eta engainatu nahi gaituzte, gainera. Bada, aizue, ez, egin dezagun egin beharrekoa inoiz baino gogotsuago, haserreago, alaiago, egin dezagun behingoz benetan, eta ez betiko hitz hutsetan.

Sosa dela Sautrela kentzeko motiboa? Mesedez, sartuiozu zure amari. Benetan, pazientzia galtzeko modukoa da. Ekarri behar al dugu hona azken egunetan mundu guztiak irakurri duen berria, Patricia Gaztañaga izeneko batek jasoko duen soldata? Bada, ekarriko dugu: 22.000 euro hileko ordainduko dizkio ETBk aurkezle horri. Zuek badakizue zenbat Sautrela egin daitezkeen dirutza horrekin? Nahikoa da, kontxo. Eta ETBkoak ez dira konturatzen ez dela bakarrik Sautrela, telebista eredu posible baten azkena ere ekartzen ari direla gure muturren aurrera. Hil kanpaiak jotzen ari dira, eta ez dira konturatzen haiengatik ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.