Artikulu hau argitaratzerako, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia fakultatean (Gasteiz) ospatuak izango dira Iraunkortasunaren Jardunaldiak, eta, tartean, Nekazaritza iraunkorra azpitituluarekin, Bioteknologia, nekazaritza eta aldaketa klimatikoa hitzaldia, transgenikoekin lan egiten duen zientzialari baten eskutik. Eztabaida handia sortzen duen gaia izaki, deigarria egiten zaigu unibertsitate publiko batek antolatutako jardunaldietan alde bakarreko adituak gonbidatzea, programan ez baitzegoen transgenikoen aurkako aditurik —eta egon badaude, asko gainera—. Baina arreta gehien erakartzen diguna da jardunaldien izenburua: Iraunkortasunaren Jardunaldiak. Ez da onargarria iraunkortasuna, ekologikoen ezugarri nabarmenena, ekologikoen aurka doan teknologia transgenikoari gorazarre egiteko erabiltzea. Ez, behintzat, interes pribatuak baino gehiago, interes publikoa defendatu beharko lukeen unibertsitate baten eskutik.
Badakigu, ordea, arrazoia zein den. Aurretik esana dugu, eta nabarmena da gainera, iraunkortasunak saldu egiten duela. Hitz-zopa itzel bilakatu den bizitza honetan, hainbeste (des)informazioren poderioz, gorria ere berdea dela sinetsarazten digute. Aldi berean, gauzak egiteko beste modu batzuk defendatuz gero, ingurumenarekiko errespetutik abiatuta, utopian errotuta zaudela entzuteko arriskua dago; «berritsukeria» hutsa dela hori. Nork ez du entzun behar izan, «bai, oso ondo dago esaten duzuna, baina hori utopikoa da, Euskal Herrian, ezinezkoa». Ingurumenaz, osasunaz, egungo bizimoduaren zurrunbiloaz... arduratzen denaren patua da utopiko izatea. Euskal Herriko nekazaritza ekologikoa izatea? «Utopia». Austrian ekoizpenaren %20 jadanik ekologikoa da… «Hori, hemen, ezinezkoa». Hiri hondakinen banaketa eta konpostatzea? «Utopia». Bruselasen egiten dute ba… «Hori, hemen, ezinezkoa». Tabakoa frontoietatik ateratzea?
Hitz zopa honetan argi dago nork daukan boterea: bozgorailu handiena daukanak. Gezurrak, ordea, ez dira egia bihurtzen ozenago esateagatik, edo behin eta berriro errepikatzeagatik. Utopiak, aldiz, egia bihur daitezke, ekinaren poderioz. Gizateriaren historia adibidez josita dago. Guri dagokigunez, urtaro bakoitzean saiatzen gara gure inguruan utopia egia bihurtzen duten gizon-emakumeen esperientziak jendarteratzen, gure bozgorailu txiki honekin bada ere. Hitz-zopari substantzia apur bat jartzea da gure asmoa, biluzitako berbekin herritarren burua betetzea baino gehiago. Edonola ere, aukeran nahiago dugu egin, esan baino. Berbak haizeak daramatza, baina elikagaien ekoizpen eta kontsumo eredu baten eta bestearen eraginak betiko geratzen dira, nabarmen.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edogaldera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Hitz saldan itotzear
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu