Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Hor dagoa abertzaleei

2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
'Hordago Nabarra'. 79. emisiora heldu da irratsaio hori (asteazkenetan, 19:00-20:00) Hala Bedi irratian. Oso irratsaio militantea da; nafar independentisten saioa, izatez. Nabarralderen edo eta Pako Aristiren azken aldiko diskurtsoen ildotik doana. Mezu eta kontzeptu latzak belarri abertzale konbentzional batentzat: Espainiar sistemarekiko menpekotasuna, Stockholmeko sindromea, Legebiltzarrerako hauteskunde kolonizatzaileak… Gazteleraren erabilerak dakarren kontraesan nabari hori salbuetsita, kontzientzia astintzailea da guztiz Potxo esatariak gidatzen duen saioa.

Irrati zentralismoa. Ser katean ekainean zabaldu zen ERE baten mamua. Baita greba egin ere bertako langileek. Mehatxuak bere horretan dirau. De facto, ordea, guraizea astindu dute, autonomietako irratien kaltetan. Ez da El Pais-en neurriraino heldu (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gehigarria ezabatu du honek), baina hankaz gora jarri ditu hemengo emisoreak. Murrizketak umiliagarriak izan dira: Carles Francinoren La Ventana 20:00etara luzatu dute, La Ventana Euskadi-ri kondarrak utziz. Orain, Isabel Cobok eta Eva Domaicak 20 minutu ziztrin baizik ez dituzte bertako gaiak jorratzeko, edukiek sozialistenganako joera maiztxo badute ere.

Ordu erdia ostu. Zentralismoa kirol saioetara ere heldu da Ser katean: herrialde bakoitzak arratsaldero zeukan ia ordu beteko saioa (Ser Deportivos); ordu erdira murriztu diete (15:30-16:00) orain. Gipuzkoako kirolaren errealitatea era txukunean jaso ohi duten Gabi Ramos, Iker Sagasti eta Jorge Beristain esatariak, esaterako, burua altxa ezinik segiko dute oraindik: eurena zen tartea, Real Madril nahiz Bartzelonako kontu banali emana, kirol kolonialismoari emana.

Joan zen astearteko saioak, esaterako, kirol arloko Cocidito Madrileño oso bat osa zezakeen: frantziarrekiko fobia historikoak oso modu demagogikoan azaleratu zituzten, Frantzia eta Espainiako selekzioek partida berdindu zutela eta. Haiek irrigarri uzteko asmoz grabazio bana azaleratu ziguten, hain zuzen, Frantziako irrati esatariek gola sartzean eta jokalariek partidaren amaieran ateratako bozkariozko garrasiekin egindakoak. Hots, Espainiako futbol estadio eta irrati estudio guztietan igandero gertatu ohi dena, frantses azentuarekin.Hori baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.